Mikel Beretxinaga, urtetik urtera maila hobetzen

Josu Bilbao 2021ko eka. 29a, 13:11

Mikel Beretxinaga elgetarra, lasterketetan erabiltzen duen BMW 325 autoarekin, Asentzion.

Euskadiko Rally Txapelketan bosgarren urtez jarraian parte hartuko du Mikel Beretxinaga elgetarrak. BMW 325 autoarekin aritzen da, Adrian Gorostiza kopilotu eta kuadrillako kidearekin batera. Urteko lehen hitzordua Markina inguruko lurretan jokatu zen ekain hasieran, eta bere kategorian bigarren denborarik onena erdietsi zuten.

 "Hiru urte daramatzagu batera eta sekulako konfiantza ematen dit autoan. Betiko laguna da, gainera, eta bera ere oso motibatuta dago rallyetan jarduteko", azaldu du Elgetako motorzaleak.

"Urteen poderioz, lasaiago hartzen dira lasterketak eta autoarekiko konfiantza ere hartzen da. Hasieran, pilotu guztiek nahi dituzte gauzak oso azkar egin, baina, luzera, erregularra izateak emaitza hobeak ematen dituela ikusten da. Beraz, esan daiteke trukotxoa hartu diogula kontu honi; kar, kar, kar", dio Mikel Beretxinagak.

"Aurreko urtean, autoarekin arazo batzuk izan nituen. Esekiduran aldaketak egin ditugu eta oso gustura aritu gara lehenengo lasterketan. Autoa oso ondo doa eta konfiantzarekin nabil. 2020an baino askoz hobeto ikusten dut panorama. Protokoloak oso zorrotzak ari dira izaten, eta horiek betetzen ari gara. Antolatzaileei eskerrak eman behar dizkiegu, kristoren lana egiten ari direlako. Aurten, lasterketa dezentez gozatzea da helburua", azpimarratu du.

Lea-Artibai rallyan, bikain

Urteko lehen hitzordua Markina inguruko lurretan jokatu zen ekain hasieran, eta bere kategorian bigarren denborarik onena erdietsi zuen Beretxinagak: "Aurreikuspenek zioten euria egingo zuela, baina Markina lehor esnatu zen goizean, eta pilotuei zalantzak sartu zitzaizkien gurpilen aukeraketan. Guk bustirako gurpilak jarri genituen eta erabat asmatu genuen. Denbora oso onak lortu genituen goizean eta eguerdian, eta bazkalordura hamar onenen artean sailkatuta joan ginen. Arratsaldean, sakatzeko asmoarekin irten ginen, eta lehian aritu ginen azken unera arte".

"Asmoa beti da gorantz eta hobera egitea, eta, oraingoz, auto honek duen onena emateko duela uste dut. Denborak hobetzeko aldea dugu, eta horretan saiatuko gara. Ikusi beharko den beste kontu bat aurrekontuarena izango da, hori bai… Oraingoz, ez dut uste mailaz aldatuko naizenik eta autoa aldatuko dudanik, baina kirol honetan inoiz ez da jakiten…", azaldu du Mikel Beretxinagak.

"Lasterketaz lasterketa joatea da asmoa. Lasterketa bakoitzean ikusi behar da zelan bukatzen duen norberak, eta autoak zelan bukatzen duen ere. Aurtengo helburu nagusia Euskadiko Rally Txapelketa osorik egitea da. Lea-Artibai eta Fitero eginda ditugu dagoeneko, eta gero, agian, igoera bereziren bat egingo dugu", dio elgetarrak.

Mendi Mendia Racing

Elgetako motorzale elkarteko kidea da Beretxinaga, eta pandemia dela-eta bi urte ekintzarik antolatu gabe egon beharko dutela onartu du: "Ibili gara ikusten ea ekitaldirik antolatu ahal genuen, baina oso goiz dela iruditzen zitzaigun. Oraindik gauzak dauden moduan daude, eta osasuna da aurrena. Egia da 2022ra begira ari garela gauzak prestatzen eta pentsatzen. Horrela, bi urte geldi egon ostean, ekitaldi potolotxoago bat egin ahalko genuke, gainera. Beraz, horra albistea; kar, kar, kar… 2022an, nolabait, handira jotzeko asmoa dugu Mendi Mendia Racing elkartean".

Puntua aldizkaritik ekarritako edukia

Egin bazkide eta jaso Puntua etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak