Iaz, pandemiagatik, ezin izan zieten jaioberriei harrerarik egin. Aurten, baina, bihar, zapatua, bi txandatan egingo diete harrera txikiei; 12:00etakoan, 2019ko ekainetik 2020ko ekainera bitartean jaiotako hamaika umek jasoko dute ongietorria, eta 13:00etan, 2020ko ekainetik orain arte jaiotako hamahiru umeri egingo diete harrera. Ekitaldia Espaloia Kafe Antzokian egingo dute aurten, udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin beharrean, eta harrera egingo zaion haur bakoitzeko bi gonbidatuk joateko aukera izango dute, gehienez.
Gurasoak, ilusioz
Asier Unzetabarrenetxearen eta Ilune Zenitagoiaren Alize txikia duela hilabete jaio zen. Maialen Arnedoren eta Iker Zabaletaren Luken umea, berriz, duela bi hilabete eta erdi. Bi familiak Gironan izan dira oporretan, gurasotasun baimenaz familian disfrutatzen, baina ilusioz joango dira bihar euren txikiei egingo dieten harrerara. Izan ere, ez zuten espero ekitaldia aurten egin ahal izango zenik, eta pozik jaso dute berria; ekitaldi "xume baina polita" dela esan dute.
Haurdunaldia pandemia garaian pasa zuten bi familiek, eta ez zen batere erraza izan; batez ere, medikuetako bisita guztiak bakarrik egin behar izan zituztelako emakumeek. "Triste eta haserre" egon dira, uste dutelako bikotekideek ere eskubidea zeukatela ekografietan eta bestelako azterketetan egoteko. Erditzeetan, behintzat, bikotekideen babesa izan zuten alboan.
Itxialdian jaio zen Adei Muñoz umeak ere bihar jasoko du harrera eta halaxe gogoratu du jaiotza momentua, haren ama Mari Bolinagak: "Itxialdian geundela jaio zen Adei, 2020ko apirilaren 2an. Garai hartan, Debagoieneko Ospitaleko erditzeak Zumarragara bideratu zituzten, eta han jaio zen. Erditze garaian bikotekidea nirekin egon zen. Bisitarik ezin izan genuen jaso ospitalean, eta, etxera bueltatu ostean, bi hilabetez, etxeko goxotasunean hirurok bakarrik egon ginen. Adei bideo-dei bitartez ezagutu zuten familiako eta inguruko gehienek. Gogorra izan zen hasieran, baina, aldi berean, bizipen polita ere bai"
Pixkanaka joan dira umeak familian eta lagun artean aurkezten. Orain, merezi duten harrera egingo diete herrian.