Herriko harakina izateagatik da ezagun Imanol Albizu Goikoetxe. Baina harri jasotze erakustaldietan ere parte hartu izan du. Elgetan duela dozena bat urte inguru egin zuen bere azkenaurreko erakustaldia harri jasotzen, eta azkena, pandemia iritsi aurretik, 2019ko San Roke kaleko jaietan eskaini zuen. Gogotsu itzuliko da, ez-jaietan eskainiko duen erakustaldira.
Pandemiagatik, geldi egon da
Azken urte eta erdiko pandemiak eraginda, ez du gogorik izan harri jasotze erakustaldietan parte hartzeko. Honelaxe azaldu du Goikoetxe-k: "Pandemiak, nire kasuan, dezente eragin du herri kirolak alde batera uzteko orduan. Entrenatzeko, gimnasioetan neurriak egon dira, Bizkaira mugitzea ere arazoa zen... eta baztertuta izan dut. Egoera horrekin ez da animo askorik egon. Badakit publiko gabe egin izan direla txapelketa batzuk, baina nik baztertuta eduki dut".
Itzultzeko gogoz
Ferixa Nagusiko ez-jaietan erakustaldia egiteko proposamena jaso zuenean, sekulako poza hartu zuen: "Ez da gutxi, pandemia egoera honetan egonda, horrelako saio bat egiteko au-kera izatea; alkateak deitu zidan eta baietz esan nion. Ez nuen espero, eta poza eman zidan deia jaso nuenean". Bihar, barikua, 12:00etan izango da erakustaldia, baina ez da bakarrik egongo, Karmele Gisasolarekin egingo baitu erakustaldia. "Gisasola nire entrenatzailearen alaba da, harreman estua daukagu, ia batera entrenatzen ibiltzen gara, eta ez gara aurkari izango. Bakoitzak bere lana egingo du eta elkarri laguntzen izango gara", azaldu du. Oraindik ez daki zenbat kilotako harriak jasotzeko gai izango den, azken entrenamenduetan neurtuko du hori, baina maila ona ematen saiatuko da.