Pandemia egoera dela-eta 2021ean ere ez dira Ferixa Nagusiko Jaiak ohi moduan antolatu. Jai egunak beharko luketen uztailaren 1etik 4ra arteko egunetarako, ordea, hamar ekitaldiz osaturiko egitaraua iragarri du Udalak.
Barikuan, uztailak 2, neska-mutikoendako puzgarriak eta jolasak egongo dira kantxan eta plazan, goizez zein arratsaldez. Adinaren araberako txandak egingo dira eta eguraldi txarra bada, hori bai, bertan behera geldituko dira.
Horrekin batera harri-jasotze saioa izango da frontoian. Imanol Albisu 'Goikoetxe' eta Karmele Gisasola arituko dira. Sarrera doan izango da baina beharko da, eta ekainaren 28tik aurrera egongo dira eskuragarri udaletxean.
Xalbadorpe erretiratuen elkarteak meza antolatu du 13:00etarako. Bingoa ere izango dute adinekoek, 16:00etan, Espaloian. Ondoren, Miren eta Arkaitz trikitilarien emanaldia entzungo dute.
Zapatuan omenaldia jaioberriei
Zapaturako lau ekintza daude iragarrita. 11:15ean dultzaineroen esna deia izango da Elgetan, eta Udalak bi urteotan herrian jaiotako neska-mutikoei harrera egingo die antzokian. 2019ko ekainetik 2020ko ekainera jaiotakoei egindako ekitaldia 12:00etan izango da, eta 2020ko ekainetik 2021eko ekainera bitartean jaiotakoei eskainitakoa 13:00etan.
18.00etan, berriz, Burrunba elektrotxaranga izango da antzokian. Sarrera doan izango da, baina 90 lagunendako lekua egongo da. Sarrerak eskuragarri izango dira udaletxean ekainaren 28tik aurrera.
Domeka, azoka eguna
Herriko eta Debagoieneko baserritarrekin eta artisauekin egingo dute, aurten, azoka. Ez da ganadurik egongo ez eta eskualdetik kanpo etorritako saltzailerik. Azoka 09:00etan hasiko da.
Arratsalderako Ez da kasualitatea bertso saioa dago iragarrita. 18:00etan izango da eta sarrerak doan izango badira ere udaletxean eskatu beharko dira ekainaren 28tik aurrera. Lau bertsolarik eta bi musikarik egiten dute saioa, lau bertsolariak eta gai-jartzailea emakumezkoak izanik.