Irailera arteko oporrak hartuko dituzte eskolako umeek gaur

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko eka. 18a, 10:48

Ikasturte amaierako ur jolasak bost urteko gelako neska-mutikoendako. (Argazkia: Herri Eskola)

Pandemia egoera dela-eta ez da ikasturte erraza izan, baina balorazio positiboa egin dute irakasleek. Gaurko eguna, bestalde, guztiz berezia izaten ari da. Jolasa da nagusia, eta bazkari berezia egingo dute ikasleek.

Ikasleendako beti da berezia ikasturteko azken eguna, eta gaurkoa ere hala izango da. Aurreko egunetan, eta adinaren arabera, ipuin saio bereziak eta ur jolasak izan dituzte ikasleek. Gaur, barikua, jardunaldi trinkoa izango dute eskolan, eta egitarau berezia gertatu dute elkarlanean irakasleek eta guraso elkarteko kideek. Altxorraren bila, Escape room eta askotariko tailerrak izango dituzte goizean umeek, eta ikastetxean bazkalduko dute guztiek. Makarroiak, haragi-bolak eta izozkia dituzte menuan HHko ikasleek; ogitartekoa eta izozkia, berriz, LHkoek, kanpo espazioetan eta talde egonkorrak mantenduz.

Ikasturte berezia

Pandemia egoeran egindako ikasturteak esfortzu handia eskatu du, baina balorazio positiboa egin dute zuzendaritza taldeko kideek. "Helburua zen irakaskuntza presentziala lehenestea, eta posible izan da", azaldu du Libe Iñurrigarro zuzendariak. "Konfinatuta egon zen bigarren mailako taldea, eta nagusienen taldean ere etxean egon zen taldetxo bat, baina, gainerakoan, bete egin da helburua. Beste antolaketa bat eskatu du ikasturteak, eta egokitu beharra izan dugu, baina txalotzekoa izan da ikasleen jarrera. Primeran egokitu dira. Irakasleen zein familien jarrera ere txalotzekoa izan da. Elkarrekin egin du lan komunitate osoak. Eskertzekoa da, benetan". Hurrengo ikasturtea prestatzen hasita daude ikastetxean. "Jaso dugu lehen protokolo bat eta herenegun izan genuen bilera Donostian. Hurrengo ikasturte hasiera nahiko antzerakoa izatea aurreikusten da".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak