Bederatzi hezitzaile, zazpi talde, eta 69 neska-mutiko astelehenetik aurrera udako aisialdi zerbitzuan

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko eka. 18a, 10:35

Udaleku zerbitzuan hezitzaile lanak egingo dituzten bederatzi lagunak.

Astelehenean zabalduko ditu ateak Elgetako udaleku zerbitzuak. Bost astez askotariko ekintzak egingo dituzte bertan. Hezitzaileek eguaztenean egin zuten informazio bilera gurasoekin.

Ekainaren 21etik uztailaren 23ra emango du aisialdi eskaintza aurten Udalak. Hezitzaile taldea eguazten iluntzean elkartu zen erabiltzaileen gurasoekin, zerbitzuaren funtzionamenduaren nondik norakoak azaltzeko.

Ezinbestean, pandemia egoerara egokitutako eskaintza izango da, eta, Eusko Jaurlaritzaren dekretuak markatutakoa betetzeko, Udalak handitu egin du hezitzaile taldea. Bederatzi hezitzaile izango ditu zerbitzuak, eta ordezko bat dago izendatuta, badaezpada.

Udalekuen aurtengo gai ardatza euskal mitologia izango da. Taldeen izenak, esaterako, izango dira Galtzagorri (HH2), Mari (HH3), Tartalo (HH4), Akerbeltz (HH5), Gizotso (LH1), Ortzi (LH2) eta Lamiak (LH5). Galtzagorriekin Nerea Erdabide eta Uxue Larrea egongo dira, Mari taldekoekin Paula Palacios eta Ane Ugarteburu. Tartalo taldeko arduraduna Jone Elkoro izango da, Akerbeltz taldekoa Nerea Villa. Gizotsoez Sara Ugarteburu arduratuko da, Ortzi taldeko neska-mutikoez Eider Ormaetxea eta Lamiak taldekoez Mikel Canelo. Koordinatzailea Nerea Villa izango da.

COVID protokoloa

Eusko Jaurlaritzaren dekretua jarraituz COVID egoerak markatutako udalekuak izango dira. Hain zuzen ere, COVID protokoloa banatu zitzaien gurasoei. "Gehienez ere, hamar laguneko taldeak egin daitezke; horregatik, bi taldetan banatuta egongo dira bai Galtzagorriak bai Mari taldeko umeak. Egoera normalean nahikoak izango ziren lauzpabost hezitzaile, baina bederatzi beharko dira aurten", esan zuen aurkezpenean Nerea Villa koordinatzaileak. "Zehatz-mehatz jarraituko dugu protokoloa. Taldeak banatuta egongo dira, eta bizikidetza taldeak izango dira".

Gurasoei hainbat eskakizun egin zitzaien: "Edozein sintomaren aurrean, mesedez, ez bidali umea udalekuetara. Bestetik, goizean tenperatura hartuko diegu, eta 37,5 gradu emanez gero ezingo dira sartu. Horregatik, ez joan umeari tenperatura hartu diogula ziurtatu arte".

Halaber, neska-mutikoren batek sintomarik agertuz gero isolatze-gelara bideratuko dutela adierazi zuten. "Ez da bakarrik egongo. Hezitzaile batekin egongo da une oro, gurasoak abisatu eta bila etorri bitartean. Hori bai, lehenbailehen etortzeko eskatzen zaizue".

Informazio praktikoa

Sarrera ordua 09:00ak da HH2- HH5 tarteko umeendako. Irteera ordua, berriz, 13:00ak. Aldiz, LH1-LH5 arteko umeak 09:10ean sartuko dira, eta 13:10ean irten. "Frontoi zaharra izango da sarrera- irteerak egiteko puntua. Talde bakoitzak markatuta izango du dagokion lekua". Haur bakoitzak, bestetik, etxetik eraman beharko ditu hamarretakoa eta ura. Ur jolasak edo berezia den edozein jarduerarako jantzi egokiak ere bai. "Ezin da ezer partekatu", azaldu zuen.

Ahalik eta ekintza gehienak aire zabalean egingo dituzte. Galtzagorriek frontoi zaharrean, Mari taldekoek Maalan, Tartalo taldekoek ludotekako parkean, Akerbeltz taldekoek eliza ondoko parkean, Gizotso taldekoek San Roke ostean, Ortzi taldekoek Bolatokian eta Lamiak taldekoek Salbadorren. Eguraldi txarra dagoenerako, berriz, eskola izango da aterpe nagusia. Bizikidetza taldeak errespetatuz txikienak beheko solairuan egongo dira, eta gainerakoak 3. solairuan zein ganbaran. Frontoia eta kafe antzokia ere erabilgarri izango dituzte. "Difusio taldeen bitartez komunikatuko gara. Garrantzitsua da nork bere hezitzailearen telefono zenbakia kontaktuetan sartzea", esan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak