Uste baino zabor gehiago pilatu dute denen artean

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko mai. 28a, 12:10

Elgetako Herri Eskolak Ekinaren Astea ekimenean hartu du parte. Bizikidetza-taldeka antolatuta, ikasleek garbiketa lanak egin dituzte eskola inguruan, bolatokiko parkean, San Roke eta Domingo Iturbe kaleetan, Aixola errekan eta Aixola inguruan.

Ingurumenaren aldeko ekintzen astea da Ekinaren Astea, eta bertan parte hartu dute Elgetako Herri Eskolako ikasleek eta irakasleek. Astebeteko epean hainbat irteera egin dituzte, inguru hurbileko espazioak garbitzeko helburuarekin.

Lehen Hezkuntzako neska-mutikoek hartu dute parte ekimenean, eta aukera izan dute jolasgune dituzten hainbat espaziotan zenbat zabor pilatzen den ikusteko. Ez hori bakarrik: zaborra jaso eta elkartuta ikustea esanguratsua izan da. Konturatu dira zenbatekoa den lurrera botatako zikinek eragin dezaketen kaltea.

Sentsibilizazio ekintza

Ekintzaren gaineko balorazio "oso positiboa" egin dute zuzendaritza taldeko kideek. "Hurrengo ikasturtean ere horrelako ekintzak txertatzeko asmoa dugu", azaldu dute. "Zaborren inguruan lanketa egiteko aukera ematen du, eta ikasleak parte hartzaile aktiboak izan dira. Eskola inguruan sortzen diren zaborren bueltan kezka sortu da taldeetako batean, eta lanean dihardute zer egin daitekeen".

Lehiaketa ere badu Ekinaren Astea ekimenak. Eskatu moduan, burututako ekintzak laburtzen dituen txostena prestatu dute eskolako ordezkariek, eta Eusko Jaurlaritzaren Aztertu Programara bidali dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak