Oihana Kortazar, Espainiako Txapelketa prestatzeko fasean

Hasier Larrea 2021ko api. 23a, 13:51

Espainiako kopako lehen proba irabazi ostean, maiatzaren 2ko zita dauka begiz jota. Jaenen izango da lasterketa hori, eta irabazlea mundialerako sailkatuko da zuzenean.

Algamitasko (Sevilla) Peñon Xtrem lasterketan bizkorrena izan berritan, atsedenerako tarte gutxi hartu du Kortazarrek, asteburu honetan lehiatuko baita Kantabriako Liendres herriko distantzia motzeko trail txapelketan. Durangoko Atletismo Federazioko taldekideekin batera abiatuko da hara, maiatzaren 2an Jaenen jokatuko den Espainiako Txapelketarako "entrenamendu perfektua" dela iritzita. Hitzorduari garrantzi handia ematen dio elgetarrak, "irabazlea zuzen-zuzenean" sailkatuko da-eta Munduko Txapelketako.

Mendi lasterkaria fisikoki "indartsu" dago, nahiz eta urtarril eta martxo artean egin izan ohi diren karrerak aurten bertan behera gelditu izanak "urduritasun puntu bat" eragin dion: "Sevillako proba terreno teknikoan garatu zenez, lesioren bat jasateko beldur nintzen". Lehian zehar, ordea, "gustura" ibili zen Kortazar, "ibilbideak eta aurkariek une oro kontzentratuta egotera" behartu bazuten ere.

Debagoieneko ordezkaritza

Xabi Lete oñatiarra eta Iñigo Alzola arrasatearra ere lehiatu ziren, gizonezkoen kategorian, Algamitasko ibilbide gorabeheratsuan. Euskal Mendizale Federazioko lasterkariak 13. eta 28. postuan helmugaratu ziren, hurrenez hurren. Kopako hurrengo erronka maiatzaren 16an izango dute, Miranda de Ebron.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak