Udaletik jakinarazi dute administrazioko bulegoak itxita egongo direla. Itxita egongo dira, baita ere, liburutegia eta kirol eskaintza zerbitzua. Udal brigadako langileak lanean izango dira eta garbitzaileak ere bai.
Zabalik izango da, baita ere, ludoteka zerbitzua.
Herri Eskolari dagokionez jakinarazi dute irakasleen %100 egin duela bat greba deialdiarekin, eta ondorioz, ez dela eskolarik izango bihar. "Legeak behartzen gaituen bezala, zerbitzu minimoak eskainiko dira eskola ordutegian. Zerbitzu hauek ere COVID egoerak baldintzatuko ditu. Bestalde, greba honek jangela zerbitzuan ez du eraginik", gaineratu dute.
Haur eskolatik jakinarazi dute zerbitzu minimoak eskainiko dituztela. Zerbitzua zazpi orduz egongo da zabalik eta bi hezitzaileak "nahitaez" egongo dira bertan. Gaineratu dute: "Haur eskolako familia askok bat egiten dute grebarekin".
ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek egin dute biharko greba deialdia alor publikoan. Grebarekin zerbitzu publikoen defentsa egin nahi dutela azaldu dute. Aldarrikatzen dituzten, besteak beste, enplegu publikoa sortzea eta behin-behineko langileak behin-betikotzea.