1936ko gerrako lehergailu bat aurkitu dute Elgetan

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko api. 19a, 20:49
Elgetan gaur agertutako lehergailua.

La Belga posiziotik hamar bat metro gorago aurkitu du lehergailua Intxorta 1937 kultur elkarteko kide batek. 18:30ak aldera bertaratu da Ertzaintza, eta obusa bertan detonatzeko arriskutsu zegoela ikusita eraman egin dute.

Beste batzuetan ere agertu izan dira 1936ko gerrako lehergailuak Elgetan. Gaurko honetan La Belga posiziotik gertu aurkitu dute arratsaldeko lehen orduan. Abiazioak botatako lehergailua dela azaldu dute adituek, eta lehertu gabekoa. "Arraroa da; izan ere, behin baino gehiagotan miatutako ingurua da hori. Askotan ibili izan gara detektagailuarekin; izan ere, lubaki gune izandakoa da. Garbiketa lanak ere egin izan dira. Azkenak, oso aspaldi ez dela", azaldu du aurkikuntzaren berri eman duen Intxorta 1937 kultur elkarteko kide Jon Etxezarragak. "Lehergailua, gainera, oso bistan zegoen; ia ia lurraren gainazalean". Susmoa da aurkikuntza egin eta nahita bistan utzi izana bateren batek.

Ertzaintzak eraman du obusa

Ertzaintzaren lehergailu-teknikariek eraman dute, azkenean, lehergailua. Bertaratu, lehergailuaren egoera baloratu eta erabaki dute bertan detonatzea edo desaktibatzea baino egokiagoa  zela kontrolpeko leherketak egiteko gune batera eramatea. 20:00ak aldera eraman dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak