Gaur izan da Elgetaren txanda. Ordubeteko atzerapenarekin iritsi da autobusa herrira, baino txalo artean egin du sarrera eta gaztetxoen kantu artean. Herriko bandera jasotzera eta Realekoa uztera etorri dira Realeko ordezkariak. Plazan zain zituzten, besteak beste, Iraitz Lazkano alkatea, eta Aner Fernandez realzale elgetarra. Autobusean, berriz, Realeko ordezkari Aitor Diaz de Mendibil eta Joseba Ibarburu, zein Realeko aurrelari ohi Mikel Loinaz etorri dira.
Elkar agurtu, argazkia ateratzeko banderak zabaldu eta berriz tolestutakoan trukatu egin dituzte.
Finalaren egunean elgetarrak ere hurbil sentituko dituzte zuri-urdinek. "Jakineko denez zaleak ezingo dira finalera joan eta haiek sinbolikoki ordezkatzeko herriz herri gabiltza banderak jasotzen. Erantzun ederra jaso dugu, egia esan. Asmoa dugu egongo garen hoteleko sarreran ipintzea banderok. Han egongo dira gu Sevillan izango garen hiru egunetan, Gipuzkoako afizioa eta herriak ordezkatzen. Elgetako bandera ere han izango da Elgetako realzaleak ordezkatzen", esan du Realeko presidenteordeetako bat den Joseba Ibarburuk.
Udalak udaletxeko balkoian jarri du Realeko ordezkarien eskuetatik gaur jasotako bandera. 'Gurekin' irakur daiteke bandera horretan. Athletic taldearen banderarekin batera jarriko dute; izan ere, herrian bi taldeetako zale ugari dago.
Realeko autobusa bailarako hainbat herritan izan da gaur. Elgetan egin du bailarako azken geldialdia.