Erantzukizunak eskatu dituzte Zaldibarren

Miren Arregi Amasorrain 2021ko mar. 6a, 18:48

Zadibar Argitu plataformak deituta, hainbat herritar elkartu dira gaur Eitzagan, zabortegiaren hondamenditik hamairu hilabetera. Beltran eta Sololuze oroitu eta erantzukizunak eskatu dituzte. Elgetatik 30 bat lagun joan dira mobilizaziora. 

Zaldibar Argitu plataformak antolatuta, martxak egin dituzte gaur eguerdian Eibartik, Ermutik eta Elgetatik Eitzagara –Verterren zabortegia dagoen auzora–. Bertan salatu dute, urte bete baino gehiago daramatzatela erantzunik barik eta Joaquin Beltran handik ateratzeko exijitu dute.

Ekitaldian Eitzaga auzoa jarri dute erdigunean eta salatu dute urte luzetan pairatu behar izan dutela zabortegi nahiz proiektu handien afera:  "Urte luzez sufritu dituzte kamioien joan etorriak, lur eta uren kontaminazioak, amiantoz betetako hondakinen gorabeherak... Eta orain, guzti horri, lurren desjabetzeak, etxetik atera behar izateak, informazio eza... gehitu zaizkie".  

Gainera, azaldu dute, askotan eskatu izan dutela auzotarrei azterketa medikuak egiteko, afera guzti honek beraien osasunean izan ditzaketen eraginak ezagutu eta behar diren neurriak hartu ahal izateko eta Jaurlaritzak eta Zaldibarko udalak hori ukatu izana ulergaitza iruditzen zaiela.

Une honetan, bi auzibide daude zabalik Durangoko lehen instrukzioko epaitegian: ingurumenaren kontrako ustezko delitu batengatik bat, eta langileen aurkako delitua egin ote den ikertzeko bestea. Zaldibar Argitu plataforma herri akusazio gisa aurkeztu da bertara, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartarekin batera. Epaiketa horrek sortuko dituen gastuei aurre egiteko diru bilketa kanpaina bat jarri dute martxan plataformatik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak