Andoaingo piano jaialdian izan ziren, zapatuan, Irea Alberdi eta Mirari Gonzalez piano ikasle elgetarrak. Pandemiak baldintzatutako jaialdia izan da aurtengoa, baina egin dute eta pozik itzuli dira bertatik bi gazteak.
Zilarrezko domina bana jaso dute. Irea Alberdirendako bigarren aldia izan da jaialdian eta gustatu egiten zaio. Mirari Gonzalezendako, berriz, lehen esperientzia izan da eta urduri egon bada ere errepikatuko lukeela esan du.
Neurri bereziak jaialdian
Parte-hartzaile eta ikusle kopuru gutxiagorekin egin dute, aurten, Andoaingo piano jaialdia. Lorea Larrañaga irakaslearen esanetan oso ondo antolatu eta prestatu dute guztia. "Bakarkako piezak bakarrik onartu dituzte; lau edo sei eskutara jotzea ez. Hala jende askoz ere gutxiago eta talde batetik bestera tarte handiagoa izan da. Taldetan antolatuta egon da jaialdia, eta ikasle bakoitzeko bi ikusle bakarrik sartu zitezkeen. Irakasleak beste ate batetik sartzen ginen. Sartzeko zein irteteko gela eman behar genuen, eta aretoan distantziak mantendu behar ziren. Pianoa desinfektatu egiten zuten ikasle bakoitzak erabili ostean. Dominen banaketa taldeko saioak amaituko orduko egiten zituzten eta eta norberak hartu behar zuen mahaitik eskuak gelarekin garbitu ostean. Diplomak, berriz, emailez bidali dituzte norberak inprimitzeko. Taldea aldatu ostean ere gela osoa desinfektatzen zuten. Lan handia hartu dute, eta azkar eta ondo egin dituzte gauzak".
Larrañaga gustura agertu da bi ikasleek egindako lanarekin. "Oso ondo jo dute biek. Pozik nago eta beraiek ere gustura ikusi ditut. Iruditu zait, gainera, jende gutxiago egon dela baina maila oso handia egon dela".