Euskal Herritik Buenos Airesera ihes egindako bi euskaldunen istorioa jasotzen du Bahiketa eleberriak. Edu eta Matxin dira bi protagonistak, lehena marxista da eta bigarrena anarkista. La Voz egunkari marxistan egiten du lan Eduk, eta egunkari horretarako iritzi artikuluak idazten ditu Matxinek. Maitaleak dira. Egun batean desagertu egiten da Matxin eta haren bilaketa abiarazten du Eduk.
Fikzioa da Luzarragaren azken eleberriak, baina idazleak Argentinan egindako urteak ditu oinarri. Hiria bera eleberriko hirugarren protagonista dela azaldu zuen Elgetan egindako aurkezpenean eta eleberrian euskal diasporaren desmitifikazioa ere badagoela azaldu zuen. Argentinako oligarkian euskal abizen asko dagoela azaldu zuen Luzarragak, eta horiek irudikatzen ditu nolabait Daguerre pertsonaiak.
Txalaparta argitaletxeko Literatura bildumaren arduran Edorta Jimenezekin batera egin zuen liburuaren aurkezpena Luzarragak. Euskal literaturaren egoeraz ere hitz egin zuen Jimenezek eta ez zen oso baikor agertu.
'Txile esnatu da'
Bahiketa liburuaren aurkezpena egin aurretik Txile esnatu da ikus-entzunezkoa eman zuten Espaloian. Duela hamar bat urte Asel Luzarragak Txilen bizi izandako atxilotze prozesua eta idazlearen aldeko askotariko atxikimenduak jasotzen ditu dokumentalak. Lau atentatutan parte hartu izana egotzi nahi izan zioten. John Anduezak egin zuen ekitaldiaren aurkezpena.