2017az geroztik martxan den formatua "eraberritzeko unea" heldu dela iritzita, Hitzez-pitz Berbalagun irakurketa taldearen bertsio berria sortu nahi izan dute aurtengora begira herrian. Dinamika berriaren ardatz A1 mailako euskarazko eleberri mailakatuak izango dira, eta, astean behin, asteazkenetan, 19:00etatik 20:00etara elkartuko da taldea liburutegian: "Euskarazko irakurketa ohitura sustatzea, hiztegia eta ulermena landuz, eta euskaraz komunikatzen hasteko espazio berri bat sortzea dira, besteak beste, ekimenaren helburuak".
Interesatuak, liburutegira
Orain arteko edizioetan, hilean behin elkartzen zen taldea, eta irakurketa oso bat komentatzen zuten. Aurten, baina, kapitulu-ka antolatu dute, eta astero zati bat lantzea da asmoa, zalantzak, hizkuntzarekin zailtasunak edota esamoldeak landuz. Bigarren saioa egin zuten joan den eguaztenean, baina, azaldu dutenez, herritarren batek interesa izanez gero, liburutegira gerturatu edo 943 78 80 12 telefonora deitu daiteke.