Enara Iruretagoiena Dominguezek hitzaldia egingo du bihar arratsaldean udal liburutegian, 17:30ean hasita.
Menarkia hitza ez da oso ezaguna; zer esan nahi du?
Menarkia hilerokoaren lehenbiziko aldia da, hilekoaren zikloa lehen aldiz jaisten denean. Eta hilekoaren zikloko beste hainbat hitzekin gertatzen den bezala, menarkia ere ez da oso entzuna. Horregatik, izena bera ere mahai gainera ekartzea oso garrantzitsua da.
Zer dakar lehen aldi horrek?
Hilekoaren kultura lantzen gabiltzanok ikusten dugu, gizarteak duen iruditerian, nerabezaroan bizitzen dugun momentu horrek kutsu negatiboa duela edota ez dela ikustarazten. Beraz, gaztetxoek bizitzen duten momentu hori abiapuntu moduan hartzea eta hortik abiatzea da topaketa hauen asmoa.
Nola eragiten die gaztetxoei lehen ziklo horrek?
Argi dago denok gogoratzen dugula gure nerabezaroa eta hor gertatzen diren aldaketak zentzu guztietan potenteak izaten direla. Azkenean, gaur egun ere, oso informazio gutxi dugu, eta, bestalde, badago moda moduko bat duela urte batzuk sustatzen hasi dena, non iruditeria horiek berritzen goazen arren oraindik gure gorputzetatik oso urruti gauden. Adibidez, esaten dizu-tenean nola kontatuko zenukeen gidabaimena atera zenuenean. Gidabaimena dugunok bakoitzak esperientzia bat dugu. Eta esperientzia horiek ez baditugu partekatzen eta aitortzen, oso zaila da beste pertsona bati bidelaguntzea toki berri batetik. Izan ere, guk ez dugu gerturatze prozesu hori egin. Beraz, hortik abiatzea da garrantzitsua.
Zer jorratuko duzue Elgetan?
Ez dago hitzaldi formatuan pentsatuta. Ez zaizkit asko gustatzen hitzaldi formatuak eta nahiago dut esatea topaketa bat edo topagune bat izango dela. Beraz, egubakoitzean, menarkiaren bidelaguntza landuko dugu Elgetako saio honetan. Lehen hilerokoaren, lehen zikloaren momentu hori, nolabait, jorratuko dugu.
Iaz ere izan zinen bertan; zer moduzko esperientzia izan zen?
Bai, iaz ere izan nintzen bertan, eta zoragarria izan zen. Egia esan, etxean bezala sentitu nintzen. Aurreko urtean egin genuen topaketa hilekoaren zikloaren lehen gerturatzea izan zen, eta bertan elkartu ginen emakumeak hitz egiteko. Gozo egoten gara bertan eta gogoz gaude aurtengorako ere. Berriz ere deitu izanak badu zer esaterik; poz handia ematen dit.