Herri Eskolan eta ikastetxe barruan egin dute Aratustea neska-mutikoek. Bizikidetza talde iraunkorrak mantenduz hainbat dantza prestatu dituzte aurreko egunetan eta txandaka dantzatu dituzte eskolako ganbaran. Publikorik gabeko emanaldiak izan dira.
Eskola irteeran txokolatezko irabiatua eta San Blas opila bana jaso dituzte umeek Maala guraso elkarteko kideen eskutik eta euri zaparrada zenez laster sakabanatu da jendea nor bere aterpera.
Antzerkia Espaloian
Garrapata pirataren abenturak ikuskizuna zegoen iragarrita Espaloia kafe antzokian, eta gogoz ikusi dute neska-mutiko gehienek. Aspaldian halakoetarako aukera gutxi dago, eta taldetan antolatuta eta bi txandatan bada ere Patata Tropikala taldearen emanaldiaz gozatzeko aukera izan dute.
Itsasoko animalien egunerokoa ezagutu dute hainbat txotxongilo zituen ikuskizunaren bitartez, eta baita ere itsasoak bizi duen kutsadura egoera zaila.