Eskolako kalejirak eman ohi dio hasiera Aratusteari Elgetan. Kalez kale ibiltzen dira umeak, baina aurten ez da horrela izango. Pandemia egoera dela-eta neska-mutikoek ikastetxe barruan eta bizikidetza talde iraunkorrak mantenduz egingo dute mozorro festa. "Aurten ezin ditugu familiak gonbidatu. Pena handia dugu, baina horrela beharko du. Hala ere, familiekin egun honetako argazkiak partekatuko ditugu", azaldu dute zuzendaritzatik.
Bariku arratsaldeko saioan ospatuko dute Inauteria. Bi urteko gelako umeak izango dira salbuespena; izan ere, adin horretakoak goizean egingo dute Inauteria.
Askaria eta antzezlana, arratsaldean
Maala guraso elkarteak ere ez du urteroko txokolate-jana antolatuko. Erabaki dute, horren ordez, txokolatezko irabiatua eta San Blas opila bana banatzea neska-mutikoei eskolatik ateratzerakoan. Ondoren, Patata Tropikala taldearen Pirata Garrapataren abenturak antzezlana egongo da Espaloian.
Guraso elkarteak eta Udalarekin elkarlanean antolatua, bi saio izango dira. Antzerkirako sarrera ez dela librea izango, eta bi saioak ere adinka antolatu dituzte. Hala, haurrak adin taldeka antolatuta sartuko dira: 16:30ean HH2-LH1 taldetako umeak, eta 18:00etan LH2- LH6-koak. "Bi saiorekin eskolako ume danendako sarrera egotea bermatzen dugu. Gurasoak ezingo dira sartu. Guraso elkarteko eta Udaleko kideak egongo gara umeekin", azaldu dute Udaletik.
"Saio bakoitza 50 minutukoa izango da eta atea hamar minutu lehenago zabalduko da. Kanpoan adin taldeetan ilarak eginda itxaron beharko da". Guraso elkartetik eskatu dute puntualak izateko bai hasieran zein umeen bila joaterakoan, "hurrengo saiorako dena prestatu ahal izateko".
'Pirata Garrapataren abenturak'
Magia, antzerkia eta txotxongiloak tartekatzen dituen ikuskizuna da Pirata Garrapataren abenturak. Kutsadurak naturan duen eraginaz hitz egiten du. Asko bidaiatutakoa da Garrapata pirata eta abentura honetan ur azpira eramango gaitu. Bertan Bixigu Begigorri, Plakton, Pulpi olagarroa eta beste lagun asko aurkituko ditu. Bixigu Begigorrik itsasoan arazo izugarri bat dagoela kontatuko dio.