Pedro Ruiz: "Ipuin kontalariak, gehienbat, irudi sortzaileak gara"

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko urt. 28a, 09:59
Alabazan taldeko kontalaria hitzaldia egiten, atzo, liburutegian.

Irakurtzen ikasi duten neska-mutikoei ere ipuinak kontatzen jarraitzeko gomendioa egiten du Alabazan-eko kontalaria.

Ze alde dago ipuin bat kontatzearen eta irakurtzearen artean? Nola bihurtu esku artean dugun liburua ahoz kontatzeko ipuin? Halako galderei erantzuna ematen saiatu zen, atzo, Alabazan taldeko Pedro Ruiz Elgetako liburutegian. Zortzi bat lagunen aurrean –guztiak emakumeak– egin zuen hitzaldia.

25 urte daramatza kontalari lanetan, eta desberdindu zituen ipuin kontalari saio bat egin behar duen kontalaria eta egunero bizpahiru ipuin kontatzen dituen irakaslea edo gurasoa. "Nik bi hilabete ematen ditut ipuin bat prestatzen. Irakasle edo guraso batek ezin du halakorik egin".

Kontatzera animatu zuen, eta azpimarratu zuen edonor izan daitekeela kontalari, egunero kontatzen direlako istorioak. "Liburuarekin kontatzea errazagoa izan daiteke, baina, ipuinak gureganatu eta gure bizi esperientziatik eransten diegunean, magia berezia sortzen da. Ipuin kontalariak, azken finean, irudi sortzaileak gara, eta liburuek irudi horiek sortzeko aukera kentzen digute bai guri eta bai entzuleei. Ipuin bat behin eta berriz errepikatu duzunean, azkenean, zure egiten duzu eta nahitaez aldaerak sartzen dizkiozu. Gure bizi esperientziak sartzen dizkiogu eta bizi esperientziak emozioak dira. Hori bilatzen du ipuin kontalariak. Oroimen afektiboa erabiltzen du, eta emozioak garrantzitsuak dira".

Lapsusak, ze interesgarriak!

Kontalaritzako unerik interesgarrienetarikoak lapsusak direla azaltzen du Ruizek. "Irten behar duzu hortik eta berrasmatu egiten duzu, eta hor feedback une oso interesgarria sortzen da. Ohartzen zara zerk funtzionatzen duen eta zerk ez, eta funtzionatzen duen hori errepikatuko duzu hurrengoetan, eta aldiz baztertu egingo duzu funtzionatzen ez duen hori. Ipuin kontaketa, azkenean, elkarrizketa bat da".

Ipuinak liburuekin

Liburuekin kontatzea ez da txarra, batez ere ipuin hori prestatzeko denbora askorik ez badu kontalariak. "Liburu batek erraztu egiten dizkigu gauzak, baina beste alde batetik irudiak sortzeko ariketa mentala kentzen dio bai kontalariari bai entzuleari. Eta neurri batean, hori pena da. Egia da irudi album oso onak daudela. Album onek hitz gutxi dituzte eta irudietan deszifratu beharreko informazio asko dute. Liburuetan, gainera, ez da istorio bakarra kontatzen. Ipuin gehienetan testuak istorio bat kontatzen du eskematikoki, baina irudietan agertzen diren gainerako gauzetan beste istorio asko egon daitezke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak