Goizean itxita egon bada ere zabalik da, atzera ere, Elgeta-Kanpanzar errepidea

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko urt. 22a, 08:52

Zuhaitza Kanpanzar eta Elgeta arteko GI-2639 errepidera jausita.

Haize bolada indartsuak ibili dira gaur gauean, eta 05:00ak alderako jausita zuhaitz batek erabat moztu du zirkulazioa GI-2639 errepidean. Aurreko egunetan arazoak izandako eremu berdinean gertatu da, GI-2639 errepideko Zabaleta auzorako sarrera inguruan.

Ertzaintzak jakinarazi du bi noranzkoetan egon dela etenda zirkulazioa; izan ere, zuhaitza alderik alde jausi da errepidearen gainera. Sustraietatik atera da. 10:00ak aldera zabaldu dute, atzera ere, zirkulazioa, garbiketa lanak egin ostean.

Azken asteotan arazo bat baino gehiago izan dira errepide horretan, eta atzo goizean ere izan ziren eremu horretako bide bazterrak txukuntzen Bide Azpiegituretako brigadako langileak. Hortensia denboralearen eragina, ordea, sumatu egin da.

Angiozarko errepidean ere sumatzen da gaueko haizetearen eragina. Kanpanzarko bidea itxita aurkitu eta Angiozarko bidea erabili duen elgetar batek adierazi du arrama ugari daudela errepide horretan traban.

Elgeta eta Eibar arteko errepidean ere sortu dira arazoak. Garbiketa lanak martxan dira.

Haize bolada handienak, 05:00etan

Pagatza industrialdearen amaieran dago AEMET agentziak Elgetan duen estazio meteorologikoa. Hark egindako neurketek azaltzen dute ohikoa baino haize bolada handiagoak izan direla gauean. Gauerdian 50 km/h-ko haize boladak erregistratu ditu, eta mailarik handiena 05:00etan izan da; 67 km/h.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak