Bueltan da eskola-kirola, baita Elgetako haurrentzat

Jone Olabarria 2021ko urt. 22a, 11:36

Adin tarteen arabera eta eskolan zehaztuta dituzten burbuila-taldeak mantenduz, "gogoz" berrekin diote Elgetan ere eskola-kirolari asteon. Taldekako kirolak alde batera lagata, bakarkako joko eta jarduerak egiten dabiltza, beti maskara jantzita

Joan den astean indarrean sar-tutako dekretuak eskola-kirolaren itzulera ahalbidetu du, eta, beste askok egin bezala, Elgetako haurrak ere asteon itzuli dira kirol jarduera horretara. Astelehen arratsaldean bueltatu ziren txikienak, hirugarren mailakoak, eskolako gimnasiora, eta martitzenean, berriz, laugarren mailakoak, baita bosgarren eta seigarren mailetakoak ere; azken horiek talde bakarrean.

Neurri zorrotzekin

Dena den, gogorarazi behar da baldintza jakin batzuk betetzea ezinbestekoa dela berriz ere eskola-kiroleko entrenamendu horiek martxan jarri ahal izateko: soilik entrenamenduetarako baimena dago,ez txapelketa edo partiduak jokatzeko. Taldeko kideek beti berberak izan behar dute, eta, posible dela, ohiko burbuilak mantentzea komenigarria da. Era berean, hura baimentzen duen dekretuak zehazten du intzidentzia metatua 500 kasutik gora duten herrietan eskola-kirola geratu egin beharko dela.

Burbuilak mantenduz

Elgetan ikasturte hasieran definitu ziren segurtasun neurriekin berrabiarazi dute zerbitzua, "eskolako burbuila-taldeak errespetatuz eta higiene zein segurtasun neurri zorrotzak aplikatuz": "Hiru taldetan daude banatuta umeak, adinaren arabera, eskolako burbuilak mantenduz. Eskola-kirolaren kasuan, erraza da ondo zehaztuta mantentzea talde horiek, denak adin tartearen arabera etortzen baitira, eskolan bezala. Pilota eskola ere badugu, eta bertan zailagoa da; izan ere, haurrak adin ezberdinetakoak dira eta batzuk Bergarara ere joaten dira ikastera".

Elgetako eskola-kiroleko zerbitzuko arduradunek jakinarazi dute ordaindutako kuotaren erdia itzuliko zaiela gurasoei, jarduera etenda egon den denbora tartea dela eta.

Frontoia eta Squash kantxa

Horrez gain, kirol kantxak alokatzeko aukera dago eguaztenetik aurrera, libre dauden orduetan. Urtarrilaren 12ko dekretuan ezarritakoaren arabera, horretarako baimena dagoela-eta zabaldu ditu Udalak instalazioak. Gehienez ere lau kirolarirentzat egin ahal izango da erreserba eta frontoiaren kasuan pilota jokoetan soilik aritu ahalko da,– ez, esaterako, futbolean –, Squash kantxan soilik Squashean. Maskara derrigorrezkoa da, beranduenez 20:00etan amaitu, eta ezin da aldagela erabili.

Etor Garate: "Umeek jarraitu egin dute kalean jarduerak egiten"

Elgetako haurrak "gogotsu" bueltatu dira asteon kirol jardueretara.

Zer motatako jarduerak egiten dituzue orain?

Iraila ezkero, taldeko kirola alde batera lagata dugu, eta banakako ariketak egiten ditugu: askotariko jokoak, sokasaltoa...

Lan handia izan da neurrietara moldatzea?

Hasieran, ziurgabetasuna handia izan zen; gauza asko eskatzen zituzten eta ez genekien gai izango ginen horiek guztiak zorrotz eramateko. Dagoeneko, baina, ondo hartu dugu martxa.

Nola bizi izan duzue eskola-kirolik gabeko aldia?

Elgetan ez da horren larria izan. Umeek jarraitu egin dute kalean jolasten eta jarduerak egiten euren kabuz. Ez da hiri batean bezala, ez dagoela lekurik edo ezin dutela, bestela, harremanik izan lagunekin...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak