COVID-19 egoerara hobeto egokitzeko, hiru inbertsio

Xabi Gorostidi 2021ko urt. 19a, 11:55

Haur Hezkuntzako teilatua konpontzea, kiroldegiko leihoak berritzea eta eskola ondoko jolas-parkea estaltzea izango dira 2021ean Udalak egingo dituen inbertsio nagusiak; urteko lehen hilabeteetan lanak amaitzea da alkatearen nahia.

COVID-19ak goitik behera baldintzatu ditu Elgetako Udalak 2021ean egingo dituen inbertsioak; bai kopurua –diru sarreren jaitsierak %40 gutxitu baitu inbertsioetarako diru poltsa–, eta baita aukeraketa. "Pandemiaren eraginez, aire libreko aisialdia seguruago bihurtu da. Horren harira, Elgetan ez dago estalpeko gune askorik, eta horiek sortzera bideratuko ditugu inbertsio nagusiak", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak.

Haur Hezkuntzako teilatua

Inbertsiorik handiena –55.000 euro– Haur Hezkuntzako teilatua konpontzera bideratuko du Udalak. "Haur Hezkuntzako patioan zati bat estali gabe dago eta beste bat, aldiz, estalita. Estalpeko zati hori nahiko egoera txarrean dago. Eraiki zen momentutik akats batzuk ditu, gaur egun agerian daudenak: teilatuaren malda gaizki dago eta ur pilaketak gertatzen dira bertan, baita itoginak ere... Horrez gain, argia sartzeko kristalezko atalak ditu teilatuak eta horietatik ere ura sartzen da... Egoera horretan, estalpeak ez du bere funtzioa betetzen, eta ezin da modu egokian erabili eguraldi txarra egiten duenean. Beraz, teilatuaren malda egokitu egingo dugu, ur pilaketarik ez sortzeko, eta kristalezko atalen itxitura ere konponduko dugu". Hirigintza Saila dabil egin beharreko konponketa lantzen. "Aparejadorearekin ari gara neurketak egiten, egin beharreko konponketa zehatz-mehatz definitzeko eta aurrekontuak ahalik eta azkarren eskatzeko. Hala, urteko lehen bi hilabeteen barruan lanak amaitzeko ari gara lanean. Ez dugu denborarik galdu nahi, negua delako leku estali horien behar handiena dagoen unea".

Kiroldegiko leihoak

Bertako leiho ilara bat berritzera bideratuko du Udalak bigarren inbertsiorik handiena: 30.000 euro, hain justu. "Mendebalderantz begira dagoen leiho ilara bat berrituko dugu, plastikozko leihoak dituena. Eraginkortasun termikoaren ikuspegitik ez dira batere egokiak, eta, horrez gain, ura sartzen zaie. Elorrio aldetik sartzen den haize euritsuak leiho horien aurka jotzen du, eta giro euritsua dagoenean ura sartzen da. Eta, berriki, beste arazo bat izan dugu leiho horiek direla eta: COVID-19aren eraginez, kiroldegia aireztatzeko beharra izan dugu, eta zailtasunak izan ditugu leiho horiekin. Oso altuak direnez, eskailera baten laguntza behar izaten dugu horiek irekitzeko, eta nahiko modu prekarioan aritzen dira horiek ixten eta zabaltzen. Hala, beirate berri bat jarriko dugu, eta leihoak modu motorizatuan ireki ahalko dira. Jada bagabiltza aurrekontuak aztertzen, eta eskolako patioa baino lehen egingo dugu hobekuntza hau".

Eskola alboko jolas-parkea

Hura estaltzeko 10x15 neurriko karpa bat jarriko dute. "Eskolari beste gune estali nahi diogu. Une honetan, eskolako ganbara eta frontoi txikia daude estalita, eta, hala, inbertsio hauekin beste bi gune estali gehiago izango dituzte".

Dirulaguntzak lortu guran

Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak ematen dituen laguntzetara aurkeztu dituzte bi proiektu: eskolako patioarena eta jolas-parkeko estalkiarena. "Erantzuna jaso arte bi hilabete igaro daitezke", azaldu du Lazkanok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak