Elurretan errespetuz ibiltzeko eskaera

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko urt. 8a, 15:00

Asentzio ingurua, Errege egunean.

Zuri daude Elgeta inguruak, eta elurretan ibiltzeko aukera baliatu dute Gabon egunotan bai elgetarrek bai inguruetako bisitariek. Elur gehiago espero da astebururako. Gomendioak dira herrigunean aparkatzeko, ingurua errespetatzeko eta baserri-bideak ez oztopatzeko.

Abenduaren 29an zuritu ziren tontorrak eta lehen elurte garrantzitsua urtarrilaren 2an etorri zen. Hamar bat zentimetro bota zituen. Aste bukaera izanik, jendea erakarri zuen, baina auto-gidari asko ez zeuden behar bezala prestatuta. Hainbat eragozpen sortu zituen horrek: traban utzitako autoak, auto pilaketak...

Kanpanzarko bidean, bestalde, hainbat zuhaitz jausi ziren errepidera, eta bidea itxita dago ordutik. Argindar horniketarekin ere egon ziren arazoak.

Astelehenean bota zuen, berriz, elurra. Hemeretzi zentimetro pilatzera heldu zen. Lan eguna izanik, gora eta behera ibili ziren bai Diputazioaren elurra kentzeko makina bai Udalekoa, eta baita udal brigadako langileak ere.

Errege bezperan, bestalde, argi barik egon ziren Salbador kaleko etxebizitza askotan, 17:00etatik 23:00etara. Transformadore elektrikoan izandako matxura batek eragin zuen horniketa falta.

Eskiekin eta snow taulekin

Errege egunean sumatu zen berriro ere bisitarien etorrera. Eguraldi onarekin, herritarrak ere irten ziren elurraz gozatzera. Asentzion, Azkonabieta inguruko aldapetan eta Larrabilzearra hasierako zelaietan pilatu zen jende gehien. Izan zen snow taula eta guzti ibili zenik. Halakoetan ingurua errespetatzeko eskaera egiten dute lur-jabeek, eta baserri bideak eta errepideak libre uzteko. Udalak, berriz, autoak herrigunean aparkatzeko eskaera egiten du, eta ez uzteko elurra kentzeko makinen lana oztopatzeko moduan.

Aste bukaerarako elur gehiago eta tenperatura hotzak espero dira. Kontuz, beraz, izotz arriskuarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak