Elurrarekin jolasteko beste egun bat izan da Errege eguna Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko urt. 6a, 20:43

Egun lasaia izan da, gaur, Elgetan. Asko izan dira elurrarekin jolasteko edo zuritutako parajeez gozatzeko aukera baliatu duten herritarrak zein bisitariak. Kanpanzarko errepideak, hori bai, itxita jarraitzen du, eta ondorengo orduetan izotza da arrisku nagusia.

Lerak, plastikoak, elurretako panpinak... izan dira gaur protagonista. Ez du elurrik bota eta zeru urdinarekin gozatu dute elurraz bertakoek eta kanpotik etorritakoek. Asentzio inguruan pilatu dira, gaur ere, auto gehien, baina ez aurreko aste bukaeran beste.

Ertzaintza bertaratu da eguerdian eta hainbat gidari herrira bidali ditu bertan aparkatu eta oinez igotzeko agindua emanez, baina ertzainak joan orduko etorri dira auto-gidari gehiago eta berriz bete dira errepide bazterrak.

Putzua izoztuta

Izoztuta dago Asentzioko putzua. Elur bolak bota eta gogortuta dagoen ur geruzaren gainean egiten dute irrist. Jolas entretenigarria izan da, gaur, askorendako. 

GI-2639 errepidea itxita

Itxita jarraitzen du Kanpanzarko bideak. Hala dago zapatutatik. Hainbat zuhaitz jausi ziren errepidera eta honezkero moztuta badaude ere enbor asko dago oraindik ere arrisku egoeran eta ibilgailuendako etenda dago zirkulazioa. Alde batetik Kanpanzarko bidegurutzean eta bestetik Asentziokoan.

Izotz arriskua

Izotza dago errepidean, eta hori da ondorengo orduetan arriskua. Gaur amaitzen dira Gabonetako oporrak askorendako, bereziki eskola adinean dauden neska-mutikoendako eta bihar itzultzen da jende asko eguneroko martxara.

Izotz arriskua dela-eta kontuz ibiltzeko gomendioa egin dute, batez ere eguneko lehen orduetan.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak