Elur gehiago bota du Elgetan, eta zirkulazioa itxita dago Kanpanzarko errepidean

Larraitz Zeberio Lekuona 2021ko urt. 4a, 14:05

Gauean bota du elur gehiago eta goizean ere badihardu, tarteka. Hala, aurreko egunetan botatako elurrari elur gehiago gehitu zaio eta Domingo Iturbe kaleko zapaldu gabeko eremuetan hemeretzi zentimetro neurtzen dira. Bideak zabalik daude Kanpanzarkoa kenduta. Bergarakoa erabiltzeko eta kontu handiz ibiltzeko gomendioa egiten dute bai Elgetako Udalak bai Trafiko Zuzendaritzak.

Elurra bota du berriz, baina gaur astelehena da eta beste premia batzuk eragiten ditu horrek. Lanerako joan-etorriak sumatu dira gaur, eta Udalaren elurra kentzeko makinak goizean goizetik zabaldu ditu industrialdeko bideak eta herri barrukoak.

Asteburuko egunetan baino jende gehiago ibili da gaur autoak aparkalekuetatik ateratzeko elurra palekin kentzen, eta herritar gehiago ikusi dira dendetarako joan-etorrietan. Brigadako langileak ere goizean goizetik dira martxan kaleetan gatza botatzeko eta oinezkoendako bideak zabaltzeko.

Haurrak dira lerak hartu eta elurrarekin jolasteko aukerari ahalik eta etekin handiena ateratzen ari direnak. Oporretan daude eguenera arte eta denbora da ez duela elurra horrela bota. Aurreko egunetan baino gutxiago bada ere kanpotik goiz pasa etorri direnak ere badaude herrian.

Elgeta eta Kanpanzar arteko errepidea itxita

Zinta botata dago Elgeta eta Kanpanzar arteko GI-2639 errepidearen alde banatan. Atzo ere horrela zegoen. Zabaleta auzorako sarrera parean pare bat zuhaitz daude jausita, eta Kanpanzar aldean elur asko dago errepidean. Zuhaitzak erretiratu eta elurra kentzeko makina pasa bitartean itxita jarraituko du bideak.

Gainerako errepideak zabalik daude, eta Bergarako errepidea lehenestea eskatzen dute agintariek. Horrekin batera, kontuz ibiltzeko gomendioa egiten dute bai Udaletik bai Trafiko Zuzendaritzatik. Autoa behar beharrezkoa denean bakarrik erabiltzeko eskatzen dute eta arretaz gidatzeko. Horrekin batera autoak ondo aparkatzeko.

Udalak gaineratu du beharra duten herritarrek udaletxean eskura ditzaketela gatza eta palak.

Bi postu plazako merkatuan

Astelehena da gaur, eta bi postu daude plazan: fruta sailtzailea eta kontserba saltzailea. "06:00ak aldera iritsi gara gu. Ordu erdi behar izan dugu Bergaratik igotzeko. Auto txikia ondo etorri da, baina furgoneta handiarentzat zailagoa izan da igoera", azaldu du saltzaileetako batek. "Zailena, ordea, ibilgailuak plazan sartzea izan da. Palekin hasi gara bidea egiteko elurra kentzen. Eskerrak herriko elurra kentzeko makina agertu dela. Laguntzeko eskatu diogu eta berehala zabaldu digu bidea".

Bezeroak artatzen ari dira goiz osoan zehar. Etxeetako banaketa ere egiten dute.

Erlazionatuak

Elur gehiago bota du Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2021 urt 04 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak