Esti Askasibar elgetarrak irabazi du azaroko argazki lehiaketa

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko abenduaren 17a

'Irribarrea' gaira aurkeztutako argazkia. (Egilea: Esti Askasibar)

Urtea amaitu aurretik Elgetako komertzioetan erabiltzeko 50 euroko erosketa bonoa eskuratu du.

Lau gai ipini zituzten Udalak antolatutako lehiaketarako –Elgetan bizi, Udazkeneko iluntzeak, Irribarrea eta Kultura–, eta Esti Askasibar elgetarrak bidalitako argazki sorta izan da saritua. "Beti gustatu izan zait argazkilaritza, eta horrekin batera mendia. Lehiaketa deitu aurretik ateratakoak dira lau argazkietatik bi", azaldu du. "Ilunabar batean ikusi nuen ze argi polita zegoen Baztarrikatik Anbotora begira, eta hurrengo egunean joan ginen umeekin argazkiak ateratzera".

Kultura eta Elgetan bizi gaietarako propio atera zituen argazkiak. Askasibarrek ez du argazki kamerarik. Mugikorrarekin ateratako argazkiak dira. "Eskolan ikasi nuen argazkilaritza apur bat, eta gustatuko litzaidake ikastaroren bat egitea, baina kamera eskatzen dute eta ez dut, oraingoz".

Eskerrak eman ditu ekintza antolatzeagatik. "Udalari eskertu nahi diot halako ekintzak antolatzea. Askotan ez dute gugandik erantzun handirik jasotzen, baina eskertzen dira halakoak".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak