Bost tabernatik lauk gaur ez zabaltzea erabaki dute, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko abe. 12a, 10:53

Salbador kaleko Patxi taberna da zabalik dagoen bakarra. Gehiengoak erabaki du astelehenera arte itxarotea.

Ezjakintasuna izan da nagusi azken egunetan eta Elgetako ostalariek atzo arratsaldean jakin zuten zabaltzerik izango zuten edo ez; izan ere, atzo argitaratuta dekretuak ez zuen argitzen 500dik gorako intzidentzia tasa duten 5.000 biztanletik beherako herrietan tabernen irekiera baimenduta dagoen edo ez. Osasun Sailak herriz herriko datuak aztertu ostean argitu zen Elgetan zabaldu daitezkeela tabernak gaurtik aurrera.

Ziurgabetasunaren eta ezjakintasunaren aurrean, azkenean, ez zabaltzea erabaki dute bost tabernatik lauk. Aurretik ere eramateko zerbitzua eman duen Patxi taberna da herrian zabalik dagoen taberna bakarra.

Ez zabaltzeko arrazoiak

"Ez dut gauzak ganoraz prestatzeko denborarik izan", azaldu du Bolatoki tabernako Mari Carmen Salasek. "Erabaki dut astelehenean zabaltzea". Erabakia hartzeko beste faktore garrantzitsua izan da segurtasuna. "Hilabetez egon gara itxita eta pentsatzen dut jendea tabernara etortzeko gogoz egongo dela. Elgetarrak eta kanpotarrak ere bai. Eibarren, esaterako, tabernek itxita jarraitzen dute. Ez dut nire burua gai ikusten egon daitezkeen jende pilaketak kontrolatzeko. Nahiago dut lehen asteburua pasatzen utzi, eta gero zabaldu".

Antzerako kezkarekin daude Haizea tabernan. "Ekonomikoki gure kalterako da ez zabaltzea, lanean hasteko baimena dugun momentutik irteten garelako langile guztiak Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedientetik, eta itxita egongo garen bi egunok gure poltsikotik doaz, baina herrian bi tabernak bakarrik zabaltzen badugu jende pilaketak egongo dira eta ni tabernari naiz. Nire lana bezeroendako kafe eta pintxo gozoak prestatzea da, ez zaintzaile lanak egitea", adierazi du Bittor Gallastegik. "Bezeroek ulertzea espero dut. Ez da erabaki erraza izan, baina denendako onena delakoan nago".

Maialde jatetxean ere astelehenean zabalduko dute, baina soilik jatetxe zerbitzua. "Ezin da barran kontsumitu eta taberna txikia da gurea. Edukiera txikia du, eta ez dugu terrazarik. Astelehenean zabalduko dugu eta jatetxe zerbitzua bakarrik. Eguneko menuak ematen hasiko gara astelehenean", azaldu du Jesus Kalboetxeagak. "Hurrengo aste bukaerarako, berriz, erreserbarik balego zabalduko genuke jatetxea".

El Rincon de Lola taberna ere itxita dago. Lanak egiten ari dira.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak