Domeka kulturalak 2020 emankizun sortaren barruan Adela eta Martirio Bernarda Albaren etxean antzezlana taularatuko dute Naita Produkzioak eta Orratx antzerkia taldeak, domekan, Espaloian.
La casa de Bernarda Alban oinarritutako antzezlana da. Lorcaren klasikoa gaur egun nola uler daitekeen aztertu dute egileek eta abiapuntu hori hartuta egin dute hurbilketa oso pertsonalizatu bat. "Guk ditugun erreferente bisual, musikal eta kulturaletatik egiten dugu egokitzapena egungo erreferenteak eta klasikoak uztartuz. Umore ukituak dituen drama bat da, musikala, groteskoa eta poetikoa. Tragikomedia abestu eta bisualki deigarria da, mundu itxi, sakon eta itogarria gogora ekarriz eta ezinegona eragin dezakeen arren erakarpen handia sortzen duena", azaldu dute.
Saioa Iribarren da zuzendaria, eta Nerea Ariznabarreta eta Irene Hernando aktoreak. Teknikari lanetan, berriz, Miriam Ubanet aritzen da. Lengoaia eszeniko berrietan egiten dute apustua, diziplina artistikoak eta askotariko antzerki estiloak batuz.
Emakumeen kontrako indarkeria matxistaren aurkako egunaren bezperetan antzeztuko dute, Elgetan. Emanaldia 18:30ean hasiko da eta sarrera doan da, baina plaza kopurua mugatuz denez aurrez hartu behar da tokia udal webgunean.