Maila laranjan kokatzen da dagoeneko Elgeta

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko urr. 30a, 08:00
Neurri bereziak, hilerrian, Domu Santuko bisitetan jende pilaketak saihesteko.

Aste bakarrean hiru positibo atzeman dira herrian, eta intzidentzia maila da 351,19 ehun mila biztanleko. Zaintzeko eta zentzuz jokatzeko eskatu du udalak. Dekretuz ezarritako neurriak aplikatzeko herri mailako protokoloak berraztertzen ari dira. Neurri bereziak hartu dira, baita ere, Domu Santu eguneko bisitak direla-eta hilerrira.

Elgetan ere hainbat aldaketa eragin ditu urriaren 26ko Eusko Jaurlaritzaren dekretuak. Egoera epidemiologikoa ez da inguruko herrietan besteko larria, baina aste bakarrean hiru positibo atzeman dira eta intzidentzia maila da 351,19 ehun mila biztanleko –eguen eguerdiko datuak–. Elgeta, beraz, maila laranjan egongo litzateke.

Kirol instalazioetan aldaketak

Elgetako kirol instalazioetan egiten diren jardueretan aldaketak egongo dira. Aurrerantzean, bakarka bakarrik egin ahal izango da kirola. Programatutako ikastaroak izango dira salbuespena: spinninga, zumba, pilatesa, tai txia, yoga, eta abar. Kasu horietan, gehienez ere, sei laguneko taldeak elkartuko daitezke, eta, orain arte ez bezala, maskarak jantzita egin beharko dute kirol jarduera.

Hain zuzen ere, zumba eta pilates saioak etenda izan dira aste honetan, erabiltzaileetako batek positibo eman eta gero. Bina PCR egin diete zumba taldeko erabiltzaileei, eta emaitza guztiak negatiboak izan dira. Ez da, beraz, kutsatzerik egon eta jarduera biak martxan dira berriz ere.

Arimen Gaua, bertan behera

Egoerak horrela eskatuta ez da aurten Arimen Gauarekin lotutako ekintzarik izango herrian. Guraso elkartearen babesarekin eta Nerea Villaren ekimenez egiten den antzezlan ibiltariak hurrengo urtean izango du jarraipena, gauzak ondo bidean. "Ludotekan Arimen Gauarekin lotutako jarduerak egingo ditugu, baina zerbitzuko erabiltzaileendako izango dira", azaldu du Villak.

Bigarren hezitzailea ludotekan

Zortzi erabiltzaile ditu ludotekak eta Udalak bigarren hezitzaile bat kontratatu du COVID-19arekin lotutako segurtasun neurriak bermatzeko. Aurretik ere zerbitzu horretan egondako Nerea Erdabide da bigarren hezitzailea.

Domu Santu eguneko bisitak hilerrira 

Egunotan hilerrira egindako bisitetan ere ezingo dira sei pertsonatik gorako taldeak elkartu, metro eta erdiko distantzia mantendu beharko da eta maskarak derrigorrezkoak izango dira. Udalak jakinarazi du noranzko bakarreko ibilbidea dagoela jarrita hilerrian, eta kartelen bidez adierazita dagoela; ezkerretik sartu behar da eta eskumatik irten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak