Astuan Villa nagusi areto futbol txapelketan, eta parte hartzerik izan ez zuten neskak minduta

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko urr. 23a, 10:44
Finala jokatu osteko sari banaketa Astuan Villa eta Itxixa taldeekin.

Zapatuan, egun osoko areto futbol txapelketa egin zuten Elgetan. Gizonezkoen sei talde aritu ziren nor baino nor gehiago, kiroldegiko kanpoko kantxan. Emakumezkoei parte hartzea ukatu izana salatuz egunean bertan agertutako idatzi anonimoek eman dute zeresana.

Kanporaketa partiduak jokatu zituzten goizean, eta bi finalerdiak eta finala arratsaldean. Astuan Villa, Itxixa, JoTaOna, Koja, Liberpulpo eta Txapela taldeek jokatu zuten Josu Mañarikuak antolatutako txapelketan.

Hiruko bi taldetan banatuta hiruna norgehiagoka jokatu zituzten sailkapen fasean eta JoTaOna eta Txapela gelditu ziren kanpoan. Arratsaldean jokatutako bi finalerdietan Astuan Villa eta Itxixa taldeek lortu zuten finalerako txartela. Finala estu joan zen; 1-0 irabazi zuten Astuan Villakoek.

Talde finalista bakoitzarentzat xanpain botila bana eta irabazleendako El Rincon de Lolak eskainitako afaria izan ziren sariak.

Idatzi anonimoak herrian, diskriminazioa salatuz

"Gaizki ulertu bat izan da, eta akats bat baino gehiago egin ditut", esan du antolatzaileak. "Lehenengoa, esperientziarik gabe txapelketa bakarrik antolatzea. Gero, talde mistoari ezetz esatea. Asko ikasi dut. Pena dut halako lana hartu, eta hain ondo atera den txapelketaren inguruan polemika hau sortzeagatik. Dena den, ez nuen erreakzio hori espero. Uste dut gauzak hitz egin daitezkeela kalean kartel anonimoak jarri aurretik".

Parte hartu ezinik gelditu diren neskendako ezuste handia izan zen epe barruan izena eman eta ezezko borobila jasotzea. Oraindik ere ez dutela ulertzen diote. Hiru neskarekin osatutako talde misto bat aurkeztu zuten txapelketan parte hartzeko. 

Kalean kartel anonimoak jarri izanaren inguruan, iritzi kontrajarriak dituzte. Batzuen ustez, erantzun "bortitzegia" izan da. Beste batzuek, ordea, ondo ikusi dute. "Isilean pasako zen, bestela".

Iraitz Lazkano alkateak ere eman du iritzia: "Ulertezina da gaur egun horrelako ekitaldi batean sexu edo generoagatik parte hartzen ez uztea. Herritar guztiek berdintasunean parte hartzeko aukera izan beharko lukete horrelakoetan". 

Egunean bertan herrian agertutako kartel anonimoetako bat. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak