Zilarrezko domina bana Baobeer etxeko Paco Fighter eta Sankara garagardoei, Bartzelonan

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko urr. 22a, 16:29

Baobeer-eko Mikel Irazabal eta Maite Barrainkua sariak jaso berritan.

Pozik itzuli dira Bartzelonatik Baobeer-eko ordezkariak. "Hirugarren urtea da jarraian txapelketa honetan sari bat jasotzen dugula, baina aurten lehen aldiz ekarri ditugu bi domina bueltan".

Bartzelonako Poblenou auzoan urtero antolatzen dituzte La Fira del Poblenou garagardo azoka eta garagardo txapelketa.
 
Aurten, pandemia dela-eta azoka bertan behera gelditu da. Txapelketa, ordea, egin dute. Estatu guztiko garagardotegiek parte hartzen dute beraien garagardoak bidaliz eta txapelketak dituen askotariko kategorietara aurkeztuz.
 
Irailaren 19ko eta 20ko aste bukaeran egin zituzten dastaketak. Baobeer-eko Mikel Irazabalek eta Maite Barrainkuak abisua jaso zuten sari banaketara joateko. "Esan ziguten sariren bat genuela eta urriaren 17an egingo zutela sari banaketa. Sari banaketara arte ez dute esaten zenbat eta zein sari daukazun", azaldu dute. "Azkenean, bi kategoriatan lortu dugu saria".
 
Strong british ale kategorian –Erresuma Batuko garagardo indartsuak– zilarrezko domina eskuratu du Baobeer-eko Paco Fighter garagardoak. "Garagardo hori Iruñeko Brew&Roll garagardogilearekin egindako elkarlana da. Alkoholari dagokionean hamaika gradu dituen garagardo sendoa eta zaporetsua da, garagarraz aparte zekalea erabiltzen dugularik".
 
Sankara garagardoak ere zilarrezko domina eskuratu du, kasu honetan Spice, herb and vegetable beer kategorian. "Kategoria honetako garagardoen osagaien artean espezie, belar edo barazkiren bat da protagonista. Kasu honetan 9,5 graduko Imperial Stout bat da –garagardo beltz sendoa–, eta berezitasun bezala bourbona eduki duten kupeletan zaharturiko Madagaskarreko banilla-landarea gehitu diogu".
 
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak