Adinekoen topagune izan guran sortutako ekimena

Jone Olabarria 2020ko urr. 19a, 10:45

Ana Royuela eta Olga Fernandez Xalbadorpeko kideak, eguaztenean, egindako lanak eskuetan dituztela

Herriko adinekoek batu eta kalera irteteko aitzakia izan dezaten, kakorratz eta puntu ikastaroa antolatu dute Elgetan. "Helburu sozial bati jarraiki", elkar ezagutu eta jakintza partekatu nahi dute ekimenarekin. Zabalik dago izen-ematea, azaroaren 4ra arte.

Xalbadorpe erretiratuen elkar-teak bultzatuta, lehenengoz egingo dute aurten kakorratz ikastaroa Elgetan. Ohiko ikastaro bat baino gehiago, "elkartzeko gune bat" izatea gura du ekimen berriak. Xalbadorpe elkarteko kide diren Olga Fernandezek eta Ana Royuelak azaldu dutenez, "helburu sozialarekin" abiatu dute proiektua: "Adineko pertsonek kalera irten, elkartu eta norberak dakiena konpartitzeko toki bat izatea bilatzen dugu ikastaro honekin. Adin nagusiko pertsona asko daude bakarrik, eta kalera irteteko aitzakia bat izatea gura dugu hitzorduarekin".

Denentzat zabalik

Egitasmoak adineko pertsonak ekintza baten bueltan batu nahi ditu. Zehaztu dutenez, bertan parte hartzeko ez da beharrezkoa Xalbadorpe erretiratuen elkar-teko kide izatea eta aurretik ere ez da beharrezkoa kakotxekin jakintza bat izatea. "Norberak dakiena konpartitu eta besteengandik ikasteko baliagarria izatea gura dugu. Hutsetik ikasi nahi duenak ere badu aukera, denon artean norberak dakiena erakutsiz lagunduko diogu".

Elkar ezagutzeko tresna

COVID-19ak baldintzatutako egunerokoak adinekoen egoera okertu duela adierazi dute. Hauen artean ere erlazio sozialak mantendu eta jende berriarekin harremana izateko modu bat dela azaldu dute: "Askotan, ezagutu bai, baina ez dugu erlaziorik gure herriko askorekin, eta pena da. Halako ekimenekin gure zirkulu soziala handitu eta elkar hobeto ezagutzeko aukera dugula iruditzen zaigu".

Hitzorduak zehazteko

Gaur-gaurkoz ez dute zehaztuta astean zenbatetan batuko diren edota zer egun eta ordutegirekin egingo duten. Azaldu dutenez, izen ematea ireki eta herritarren artean duen erantzunaren zain daude: "Ekimenarekin bat egitera animatzen direnen kopurua ikusi eta denon artean zehaztu nahi ditugu egun eta orduak, denendako aproposak direnak bilatuz".

Izen ematea abian da

Parte hartzera animatzen direnek izena eman beharko dute, azaroaren 4a baino lehen. Horretarako, Olga Fernandezekin telefono bidez harremanetan jarrita (667 80 70 06). Taldea eratu ahal izateko gutxienez lau pertsonak eman beharko dute izena eta taldea gehienez hamar lagunekoa izango da. Era berean, gogorarazi dute ekintza abiarazteko COVID-19aren aurkako segurtasun neurri eta protokoloak beteko direla une oro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak