Kirol jardueren eskaintza ia guztia martxan da, gehienez ere hamar laguneko taldeekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko urr. 3a, 09:30

Zumba eta pilates irakasle Maier Irazabal eguazteneko saioaren aurretik.

Zumba saioetarako ez da plaza librerik gelditzen, eta tai ji zein pilatesen zortzi dira, oraingoz. Gainerako jardueretarako zabalik da izen-ematea. Eskola kirola, berriz, astelehenean hasiko da, eta eskolako talde trinkoak errespetatzeko xedearekin.

Gimnasia lasaia, sasoian egoteko gimnasia eta spinninga eskainiko ditu Udal Kirol Zerbitzuak ikasturte honetan. Guztiak izango dira astean bitan, martitzenetan eta eguenetan, spinning talde bat salbu; talde hori osatzen bada, astelehenetan eta eguenetan elkartuko da. Etor Garatek gidatuko ditu jarduerok, eta asteon egin ditu ate irekiak. Izen-emateak zabalik dirau.

Tai jia, pilatesa, zumba, aretoko dantzak eta yoga ere aukeran daude aurten. Ainhoa Amestik gidatzen ditu tai ji saioak, eta zortzi lagun ditu taldean. Pilatesa eta zumba Maier Irazabalek gidatzen ditu, eta zortzi eta hamar lagun ditu izena emanda. "Zumba beteta dago. Pilateserako badaude oraindik bi plaza". Aretoko dantzen saioak Esti Bravok eskainiko ditu.

Yoga Lourdes Cidek eta Alazne Azkaratek gidatzen dute. Bost talde dituzte: bi yoga orokorrekoak, bi Uddiyana Bandha izenekoak –hipopresiboak– eta bat haurdun dauden emakumeendako. "Plazak badaude. Erabiltzaile bakarrarekin bada ere talde guztiak jarri ditugu martxan, inor animatzen bada aukera zabalik aurkitzeko. Haurdunendako taldean erabiltzaile bakarra dago, baina martxan da", adierazi du Azkaratek.

Segurtasun neurri bereziekin

Kirol eta Hezkuntza zinegotzi Ibai Etxanizek azaldu du Udaletik kirol protokolo orokor bat definitu dutela. "Monitore guztiei banatu zaie. Bestalde, monitore bakoitzak bere jarduera nola eramango duen azaltzen duen protokoloa aurkeztu behar izan du", gaineratu du. Distantziak mantentzeko eta garbitasuna ziurtatzeko neurriak ere hartu dituzte. Yoga eta tai jia, esaterako, squash kantxan egingo dituzte aurten. Kontuan hartu beharko dute aldaketa hori squash kantxa erreserbatu nahi duten erabiltzaileek.

Eskola kirola, hastear

Eskola kirola martxan jartzea izango da hurrengo erronka. "Behin-behineko egutegi bat definitu zen izen emateen aurreikuspen batekin, baina, behin datu guztiak ditugunean, egutegi hori zehaztuko da. Eskolan zehaztutako talde trinkoak mantentzea izango da helburua, baina hori izen emateen baitan egon daiteke. Aldunditik datozkigun jarraibideak besteetan baino zorrotzagoak dira eta horiek jarraituaz diseinatuko dira saioak. Besteak beste, familien idatzizko konpromisoa ezinbestekoa izango da", azaldu du Etxanizek.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak