36ko gerran emakumeek bizi izandakoa jasoko du komiki batean Aiert Zubigarai elorrioarrak

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko ira. 25a, 09:04
Aiert Zubigarai 'Emakumeon memoria 1937' liburuarekin.

Intxorta 1937 kultur elkartearekin batera kaleratutako Emakumeon memoria 1937 liburua aurkeztu zuen atzo, Espaloian. Elgetako Memoria Astearen barruan egiten den bigarren aurkezpena da. Fikziozko pertsonaiekin baina benetako gertaerekin osatuko du komikia.

Aiert Zubigarai Bizkai elorriarrak Emakumeon memoria 1937 liburua aurkeztu zuen atzo Espaloian. Handiagoa den proiektu baten aurrerapena da. "110-120 orriko komikia osatu nahi dut. Komikilari bat eta soziologo bat izango dira Elgetatik abiatu eta Artxandaraino eramango gaituen bidaiaren haria. Herriz herri geldialdiak egingo dituzte, eta herri bakoitzean emakume nagusi batek gerra garaiko gertaerak kontatuko dizkie", azaltzen du komikigileak. Kapitulua izango dute komikian Elorriok, Elgetak, Eibarrek, Durangok eta Bilbok, eta ez da beste herri batzuk gehitzeko aukera baztertzen.

Pertsonaiak fikziozkoak izango dira, baina gertaerak ez. "Han eta hemen jasotako benetako gertaerak dira, baina komikian ez ditut beti jatorrizko kokalekuarekin lotuko, eta ekidingo dugu, baita ere, betiko biktimismoan eta heroismoan jaustea".

Fanzineak aterako ditu poliki-poliki komikigileak, eta Elgetakoa izango da lehenengoa. "Espero dut Elgetako kapitulua Durangoko Azokarako prest egotea. Hemezortzi orrialdeko fanzinea izango da, eta Elgetako hitanoan argitaratuko dugu. Euskara batuan eta gazteleraz ere egongo da, QR bidez. Gidoia prest dago, eta marrazkien zirriborroak ere bai. Kapitulu guztiekin, gero, komiki bilduma osatuko dugu".

Fanzine horren lagina da liburu honetan jasotzen dena, eta horrekin batera testuinguru historikoa, frontearen kokapena, garaiko argazkiak, eta gertaeren kontakizuna egin duten emakumeetako batzuen erreferentzia.

Liburua El Rincon de Lola tabernan dago salgai, 10 eurotan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak