Aurten, udatiar gutxiago eta egonaldi motzagoak

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko ira. 14a, 08:00

San Roke kalean gora, bidaiatzeko maletarekin.

Barrenenguan langileak izan dituzte ostatu hartuta, eta aurten ez dute udatiarrik hartu. Eguzkitzan ere ostatu hartutako langileei esker egin dute aurrera; izan ere, "oso uda txepela" izan dute. Maialden %85eko okupazioa izan dute abuztuan.

Itxialdiaren eta udaberriko neurri berezien ostean ziurgabetasun handiarekin eman zioten hasiera udako kanpainari Elgetako ostalariek. Protokolo bereziak, desinfekzio lan gehigarriak... Azkenean, ostatu hartutako langileekin salbatu dute kanpaina, gehienbat.

Eguzkitza landa-etxeko Mari Carmen Osak adierazi du oso uda txepela izan dela. "Nirean asko sumatu da koronabirusaren eragina. Oso jende gutxi ibili da, oso gutxi. Beste uda batzuetan ailegatu ezinik ibili izan naiz, eta aurten oso eskas. Eskerrak langileak eduki ditudala!". Madril, Katalunia eta Leon aldeko udatiarrak izan dira Eguzkitzan, baina atzerritarrik ez dela batere etorri azaldu du Osak. "Frantses batzuek deitu zuten, baina prezioa jaistea nahi zuten, eta oso merke eskatzen zuten. Horrela ezin da lanik egin. Ohiko garbiketa lanei desinfekzio lanak gehitu zaizkie aurten, eta prezio batetik behera ez du merezi. Lan handia da eta beldurra ere izan dut. Neronek ere baditut 66 urte".

Barrenengua nekazaritza-turismoan langileak soilik hartu dituzte uda honetan, eta turistei dagokienez txanda-pasa egitea erabaki dute. "Ondo joan zaigu. Langile batzuk beharrean izan dira abuztuan, eta haiekin egin dugu lan", azaldu du Maite Sadak. Udatiarren dei batzuk jaso dituztela esan du. "Izan ditugu, baina lekurik ez genuenez ez dugu inor hartu".

Maialden atzerritarrik ez aurten

Maialde landa-etxean ere ezohikoa izan da udako kanpaina. "Lan egin dugu, eta ezin gara kexatu, baina ez da beste urteetan moduan izan", adierazi du Jesus Kalboetxeagak. "Jendea ibili da eta esango nuke uztailean abuztuan baino hobeto egin dugula lan. Abuztuan, normalean, bete egiten dugu, eta aurten okupazio maila %85 ingurukoa izan da", azaldu du.

Estatu mailako jendea izan dutela azaldu du, eta atzerritarrik ez dela batere etorri. "Beste urte batzuetan Belgikatik, Frantziatik, Alemaniatik... etorri izan dira bezeroak, baina aurten ez. Gero, gertatu da bezeroek ez dituztela egonaldi osoak egin. Esaterako, bost bat egunerako erreserbak egin dituzte, baina lehenago joan dira. Bi edo hiru egun pasata, eta, normalean, hori abuztuan ez da gertatzen. Beldurra sumatu dugu bezero batzuen artean. Egoera ez da disfrutatzeko modukoa izan, eta udatiarrak ez dira gustura ibili. Jendea oporretan etorri da, baina sentsazioa izan du akaso ez zuela etorri behar".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak