Joseba Muxika Sarasketa

Jone Muxika Sarasketa 2020ko ira. 4a, 11:02

Eskerrik asko bizitza honetan erakutsi diguzun guztiagatik. Bi jaio ginen, batera. Bakoitza bere ezaugarriekin, etxeko oreka mantentzeko. Batak ez duena besteak zuen barru barrutik biok bat izan arren.

Txikitan nik ekin nion oinez lehenik, eta zuk segituan. Aulkitik aulkira ibiltzen ginen lehen pausoak ematen. Gero, bizitzan, zu gure bastoi gidari izan zara. Beti gorantz eta aurrera, oztopo guztiak gaindituz. Orain ikasi beharko dugu berriz oinez egiten. Jaiotza berri bat, zu gabe.

Familia eder bat sortu duzu Amaia Agirrerekin batera. Iker eta Izaro, bi ume zoragarri. Zure zatitxo dira guretzat, eta ni beraientzat zure zatitxo. Eskerrik asko beti bidea egiten lagundu izanagatik. Bizitzan hain zaila den bide hori erabakitzen.

Orain, zoritxarrez, beste bide bat hartu duzu. Bat-batean, bateron batek interruptora jo du, eta zuk nahi barik atea zabaldu. Orain gutxi biok egon ginen amarekin batera berari ate hori pasatzen laguntzen. Zeinek esan! Zergatik?

Ama hil berritan zuk esandako hitzak ez zaizkit ahaztuko: "Aurrera egin behar da, eta jendearekin egon. Baina joan beti zer edo zer aportatzeko, ez joan zurearekin bakarrik". Horrelakoa zinen. Denendako eta danerako. Ez zenuen mugarik.

Ikusi ez arren beti gurekin egongo zara eguneroko gauzetan guk ate hori pasa arte. Ezin sinistu baina gauza txikietan topatuko zaitugu zure indar eta kemen hori faltan izango dugulako.

Nor bere aldetik, baina uztailaren 31n ere bizikletan izan ginen biok. Gailur desberdinetan baina paraje ederrak konpartitu genituen. Topatuko zaitut hor goietan, gailur guztietan. Kuku bat egingo dizut. Egon adi, Joseba.

Aita Jose Mari eta biok zure bihotzean gaude amarekin batera. Laster arte. Segi izaten argia amarekin batera, eta bidali argi hori guri.

Joseba eta amatxo maittiak, betira arte.

----------

Jone Muxika Sarasketa

Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak