Neurri bereziak hartuta egingo bada ere baserritarren azokari eusten diote, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko ira. 2a, 09:45

Ogi salmenta iazko baserritarren azokan.

Irailaren 19rako iragarri zuen Udalak, eta egiteko asmoa berretsi du Iraitz Lazkano alkateak. Uste du, dena den, nekez egin ahalko direla mendi lasterketa edo azoka osteko baserritarren bazkaria.

Urteroko hitzordua da Elgetan, eta Udalak uztail amaieran iragarri zuen zabalik zegoela izen-ematea postua ipintzeko asmoa dutenendako. Epeak zabalik jarraitzen du eta interesatuek hilaren 17rako jakinarazi behar dute udaletxean. Behar den mahai kopurua jakiteko eta mahai horien kokapena erabakiko duen zozketa egiteko garrantzitsua da.

"Azoka egiteko asmoa badaukagu", berretsi du Iraitz Lazkano alkateak. "Protokoloak jarriko ditugu, postuetan baldintza batzuk bete beharko dira, eta zirkuituekin-edo antolatu beharko dugu azoka dena ahalik eta txukunen joateko eta distantziak eta beste errespetatzeko".

Azokatik kanpoko ekintzekin zer egin aztertzen dihardutela gaineratu du. "Mendi lasterketa egitea nekeza ikusten dut. Azoka osteko baserritarren bazkaria ere ezingo da egin. Akaso, bazkaria oparituko dugu baina bakoitza nahi duenean joateko, denak elkarrekin ez. Argi ikusten duguna da saiatu behar garela jende pilaketak saihesten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak