Gurasoekin egiten duten ikasturte hasierako informazio batzarra eguenean egitea aurreikusten dute. 1-2 urte bitarteko lau neska-mutiko hasiko dira barikuan. Egokitzapena egiten hasiko dira. Bosgarrena urrian hasiko da. "Ekainean bilera online egitea adostu bazen ere baimena eskatu dugu modu presentzialean egiteko. Lau familia dira eta uste dugu hori horrela mantendu daitezkeela segurtasun neurriak, baina baimena jasotzeko zain gaude. Ahal bada presentziala izango da, eta beste telematikoa. Seguruenik bihar bidaliko diegu deialdia familiei", azaldu du haur eskolako hezitzaile Laura Martinek.
Neurri bereziak
Hainbat dira pandemia egoerarekin lotutako protokoloak ezartzen dituen segurtasun eta higiene neurriak. Besteak beste, sarrera guztietan tenperatura hartuko zaie bai haurrei bai haiekin datozen helduei.
Gainerakoan, segurtasun eta higiene neurri nagusiak hauek dira:
- Hezitzaileak FFP2 maskararekin egongo dira haur eskolan.
- Bazkaltzeko orduan hezitzaileek eskularruak ere erabili beharko dituzte, eta umeei banaka eta txandaka emango diete bazkaltzen.
- Eskuak bi ordu oro garbitu beharko dituzte bai hezitzaileek bai erabiltzaileek.
- Haur eskolako sarreran alfonbra bat egongo da zapatak desinfektatzeko.
- Sarreran gel hidroalkoholikoa egongo da eskura.
- Haur eskolako geletan sartzeko plastikozko estalkiak jarri beharko dituzte oinetan kanpotik datozenek.
- Familiek astean bita sinatu beharko dute ondo eta sintomarik gabe datozela egiaztatzen duen idatzia.
- Jostailuak hiru kutxatan antolatuta daude. Bat izango da astelehenetarako eta eguenetarako, bestea martitzenetarako eta barikuetarako, eta hirugarrena eguaztenetarako. Erabili ostean desinfektatu egingo dituzte, eguneroko garbitasuna zainduz.
- Umeen amantalak egunero garbituko dituzte haur eskolan. Hala, bat beharrean bi eskatuko dituzte ikasturte honetan.
- Ezingo da oihalezko esku-zapirik edo toallarik erabili. Dena izango da erabili eta botatzeko papera.
- Eguneroko agenda ez da etxera helduko. Haur eskolan beteko dute eta bertan geldituko da. Sarrera-irteeretan trukatuko dute informazioa familiekin. Eguneko orriaren argazkia emailez jasotzeko aukera egongo da.
- Etxetik ekartzen diren gauza guztiak atariko sarreran utziko dira, termoak barne. Hezitzaileek jasoko dituzte premia dagoenean.
- Espazio irekiak gehiago erabiltzeko gomendioa jaso dute. Hala, patio irekian egiteko moduko ekintzak prestatuko dituzte.
Positiborik hautemanez gero nola jokatu behar duten galdetuta hezitzaileek adierazi dute ez dutela oraingoz horren inguruko informaziorik jaso. "Sukarra duen ume bat detektatuz gero besteengandik banandu behar dugu. Hezitzaile bat egongo da berarekin familia bila etorri bitartean. Hori da esan digutena, oraingoz".