Xalbadorpe elkarteko zuzendaritza berria lanerako gertu

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko uzt. 28a, 20:06
Xalbadorpe elkarteko zuzendaritza berria, atzo, Ozkarbi aurrean.

Urteko batzar orokorra martxoaren 12an egin bazuten ere atzo egin zuten zuzendaritako karguen banaketa. Astelehenetan elkartuko dira, 18:00etatik 19:00etara, Ozkarbi elkartean. Kontsultarik balego bertan artatuko dituzte.

COVID-19ak goitik behera baldintzatu du Elgetako erretiratuen eguneroko martxa. Bazkideek martxoaren 12an egin zuten urteko batzar orokorra, eta handik ordu gutxira etorri zen itxialdia.

Denbora honetan gutxienekoetara jaitsi dute erritmoa elkartean. Zeregin handiena Kutxak Elgetako bulegoa itxi izanaren kontrako mobilizazioak izan dira. Sinadura bilketa eta elkarretaratzea bultzatu zituzten, besteak beste, Xalbadorpetik.

Zuzendaritzako kideak atzo elkartu ziren berriz ere, eta karguen banaketa egiteko izan zen. Peio Ojanguren da presidentea, eta Jose Antonio Ojanguren presidente ordea. Idazkaria Guadalupe Ibarbia da, eta diruzaina Jesus Maria Berraondo. Bokal lanetan jardungo dira Maria Asun Agirrek, Carlos Fernandezek, Olga Fernandezek, Ana Royuelak, Enrike Ormaetxeak eta Carmelo Errartek.

Aurpegi berriak, beraz, zuzendaritzan eta erreleboa hainbeste urtez zuzendaritza lanetan aritu diren erretiratuendako.

Aldaketak bazkide berriak izendatzeko prozeduran

Zuzendaritza berriaren izendapenarekin batera martxoko batzar orokorrean aho batez onartutako beste puntu bat izan zen estatutuen 30. artikuluaren aldaketa. Bazkide berriak izendatzeko prozedurarekin du zerikusia artikulu horrek.

Honela dio 30. artikuluak, orain: "Elkartean sartu nahi duenak idatziz aurkeztu
beharko du bere eskabidea. Beharrezkoa baldintza hau: Elgetan erroldatuta egotea.
Zuzendaritza batzordean onartua izango da baina, baten bat ez badago ados errekurtsoa
aurkeztu ahal izango du batzar orokorrean. Zortzi egun lehenago aurkeztu beharko du 
bere desadostasuna". 

Eta honela zegoen jasota lehenago: "Elkartean sartu nahi duenak idatziz aurkeztu beharko du bere eskabidea. Idatzi hori bi bazkidek izenpetuko dute eta presidenteari zuzenduko zaio. Presidenteak
horren berri emango dio zuzendaritza batzordeari, eta horrek erabakiko du eskabidea egin duena
elkartean onartu hala ez. Dena den, errekurtsoa jarri ahal izango da batzar orokorraren aurrean".

Ozkarbin, astelehenetan, 18:00etan

Zuzendaritza berritik jakinarazi dute astelehenetan elkartuko direla Ozkarbi elkartean, 18:00etatik 19:00etara. Edozein zalantza bertan artatutako dutela adierazi dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak