San Roke kaleko lurra berritzeko eta Lehen Hezkuntzako patioko teilatua egiteko partidak ez dituzte erabiliko

Imanol Beloki Unamuno 2020ko uzt. 28a, 19:48
San Roke kalea.

Elgetako udalbatzako ordezkariek uztaileko osoko bilkura egin dute, eta, besteak beste, azpimarratzeko puntu nagusiena 2020ko aurrekontuaren barne, partida batzuen atxikipen erabaki proposamena onartzea izan da. Hain zuzen ere, San Roke kaleko lurra berritzeko, eta Lehen Hezkuntzako patioko teilatua egiteko partidak ez dituzte erabiliko.

2020ko aurrekontua estutu beharko duten arren, eta ezjakintasunak izan arren, %20a behintzat murriztuko direla sarrerak esanez, kreditu aldaketa bat egitea baino, aurrekontua egokitzeko, aurrekontu atxikipena egitea proposatu diotela adierazi du Iraitz Lazkano Elgetako alkateak. "Aurrekontu guztia ez dugu konpontzen, baina, zati handi bat bai. Bi partida handi ditugu; San Roke kaleko lurra berritzeko, eta Lehen Hezkuntzako patioko teilatua egiteko 110.000 euro eta 50.000 euro. Beraz,  kontu-hartzaileari agindua emango diogu 160.000 euroko partida hori ez erabiltzeko. Hala, 160.000 euro gutxiagoko gastua izango genuke diru hori ez erabilita".

Honen aurrean, aurrekontuan moldaketa gehiago egin beharko dituztela azpimarratu du Lazkanok, kreditu aldaketa batzuk egin beharko direla nabarmenduz. Aintzane Oiarbidek bere adostasuna erakutsi gura izan du aurrekontuaren moldaketan: "Ondo iruditzen zaigu. Foru Aldundiak aholkatuta horrela egiten dugu, eta, bertan ere horrela egiten ari gara. Beharrezkoa da garai hauetan horrelako konponketak egitea". Hala, proposamena aho batez onartuta izan da.

Zaintza zerbitzua hizpide

Galdera eta erreguen tartean Oiarbidek zaintza zerbitzuaren gainean berme guztiak betetzea eskatu du: "Elgetan kasu asko eman ez diren arren, zaintza indarrean dago, eta Udal Gobernuak segurtasun neurri guztiak bermatu ditzan eskatu nahiko genuke. Zerbitzua ondo dago, baina, bermatu beharra dago COVID-19aren inolako gertakizunik ez azaltzeko".

Iraitz Lazkano alkateak hasieratik hala egin dutela erantzun dio, tartean zerbitzua eskaini edo ez erabakitzerakoan. "Hezitzaile guztiek COVID-19aren gaineko ikastaroa egin dute, gurasoekin ere bi bilera egin ditugu, protokoloen gaineko azalpen guztiak emanda daude, eta protokoloak zorrotz ari dira betetzen. Hasieratik garbi geneukan ez baldin bazen protokoloa betetzen zerbitzua ezingo zela eman, betetzen da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak