Dorre izan barik, izen hori hartu duten bi eraikin daude gaur egun Elgetan. Torre-zar da bata, eta izen hori ematen dion plaka ere badu fatxada nagusian: Torrezar, reconstrucción año 1958, dio. Besteak Abridio inskripzioa du armarrian –jatorri ezezaguneko abizena–, besteak beste, baina herritarrek Torre edo Torrekua izena ere ematen diote.
Iraitz Lazkano elgetako alkateak ondo ezagutzen ditu jaioterriaren historia eta ondarea, eta honela dio: “Bi etxeok torre izena hartu duten arren, ez dute arkitektonikoki dorre ezaugarririk, gehiago dira jauregi edo baserri”. “Baina izenak berak antzina Elgetan eraitsi zen dorre batera eramaten gaitu, 1456an ganboatarren eta oinaztarren arteko liskarren testuinguruan bota zuten Torre-zar dorrera”, Lazkanok kontatu duen moduan.
Mendekuaren ordaina
Honela azaldu du Iraitz Lazkanok orduan gertatutakoa: “Ganboatarren eta Oinaztarren arteko liskarretan, elgetarrak ganboatarren aldekoak ziren eta 1448an izandako Arrasateko erreketan parte hartu zuten; su emaile gehienak elgetarrak ziren, hala nola Jaolatza, Olaegi Nagusi, Urrupain, Egurbide, Maia eta Iturrikastillo etxeak. Hala, Arrasateko erreketa dela eta, Gipuzkoako Hermandadeek jauntxoak zigortzeko eskatu zioten Gaztelako erregeari eta hark, eskaria aintzat hartuta, Elgetako dorrea botatzea agindu zuen. Hori horrela, 1456an eraitsi zuten”.
Arrastorik ez
Aspaldiko kontuak dira, eta gaur egun ez da garai hartako dorrearen arrastorik geratzen. Are gehiago,“ez dago argi kokaleku zehatza zein zen”, esan du Lazkanok, “ezta gaur egun torre izena ematen zaien herriko bi etxeetako bat dagoen lekuan ote zegoen ere”, gehitu du.