Errepidea zeharkatuko dugu eta Eibar aldera joango gara, ezkerretara Larrabiltzearra aldera doan errepidea utziz, eta berehala ezkerraldetik Eguzkitza baserrira doan pista jarraituko dugu.
Laster, eskumara joko dugu eta mendian sartuta, Lepasolo eta Goiko mendi artean dagoen lepora helduko gara. Lepo hau bidegurutze bat da, eta hemen, daukagun norabidea jarraitzen duen erdiko bidea hartuko dugu –ezkerrekoa ere leku berera doa baina gu erdikotik joango gara–. Laster Karabieta mendatetik datorren errepidera helduko gara (Egogarai). Errepidea zeharkatu eta zuzen jarraituko dugu. Eskumatik beherantz doan bide bat utzi eta beste bidegurutze baten gaude. Orain eskumako adarretik joango gara eta laster beste bidegurutze bat aurkituko dugu. Eskumakoa ez, erdikoa edo ezkerrekoa aukeratu dezakegu. Guk erdikotik egingo dugu aurrera. Bide honek Egoarbitza lepora eramango gaitu; hemen, txabola eta mahai bat dago –orain ez, baina bueltan atseden hartzeko lekua izango da guretzat–.
Tontorrean kontuz
Orain tontorraren eskuma aldetik doan bidexkatik jarraituko dugu eta, berehala lepora iritsiko gara. Handik tontorrera helduko gara. Azken zati honetan kontu pittin batekin ibiliko gara, labaintzeko arriskua dagoelako. Tontorretik ikuspegi politak ditugu: Anboto, Udalaitz, Oiz, Aizkorri , Urko, Kalamua, Eibar eta Ermua ikus ditzakegu.
Pagadi polit baten ertzetik, ezkerrean agertzen den bidexka batetik egin behar da aurrera.
Atseden hartu ondoren, jaisten hasiko gara. Lepora iritsitakoan, eskuma aldera joko dugu beherantz, –ezkerretik etorri gara–. Zati honetan ere kontuz, bidexka arrasto bat jarraitu behar dugu, 150 metrotan beste bide batekin topo egin arte. Bide honetan ezkerrerantz segi eta berriz lehengo lepora helduko gara. Orain, txabolara joan beharrean, eskumarantz pinudi ertzetik joango gara 30 metro inguru, eta gaintxoan ordura arte ikusi ez den bidexka bat jarraitu beharko dugu, mendebalderantz. Metro batzuk aurrera egin ondoren, bidea beherantz joango zaigu. Pagadi polit baten ertzetik, 400 bat metro egin ondoren, ezkerrean agertzen zaigun bidexka batetik egingo dugu aurrera, galtzen doan pista bat jarraituz, hegoalderantz. Laster porlanezko pista batera helduko gara.
Ezkerrerantz jarraituko dugu pista hau, pittin bat igotzen goazela. Laster bidegurutze bat dago eta guk berriz ere ezkerretik gorantz doana segituko dugu. Igoeran errepidea zeharkatu dugun tokira helduko gara orain, (Egogarai); eskumatik datorren igoerako bidea hartuko dugu orain eta bide berbera eginez, Elgetara iritsiko gara.
Fitxa teknikoa:
• Distantzia: 8,23 km.
• Iraupena: 2-3 ordu inguru.
• Zailtasuna: Erraza.
• Ibilbidea: Zirkularra.
• Seinaleztatuta: Ez.
• Bide mota: Basoko pistak eta bidexkak.