Ella Fitzgerald, Nina Simone, Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklin musikarien berri izango dute gaur antzokira gerturatzen direnek. "Ikurretako batzuk dira, baina gehiago ere badaude, jakina", azaltzen du Estitxu Pinatxok.
Mikel Santxezekin batera izango da, gaur, Espaloian. "Oso hutsune garrantzitsua bete zuten, esaterako, bluesean. Emakumeek komertzializatu zuten musika mota hori. Baina atzean geratu dela uste dut, eta, nolabait, ikusarazi egin gura dugu. Abeslari naizenez gero, betidanik joan izan zait belarria ahots horietara; are gehiago, esan dezaket ahotsik onenak musika beltzean topatu ditudala", dio Pinatxok.
Bost emakume horien kantuekin batera euren bizitzaren ingurukoak ere azalduko dituzte.
Neurri bereziekin
Udalak antolatutako kontzertua da. Uztailean hiru emanaldi izan dira; hau da azkena. Sarrera doan izango da, eta eserleku kopurua mugatua. Antolatzaileek azpimarratu dute musukoa derrigorrezkoa izango dela.