Bidaia bat bertsoen, errimen eta dantzaren mundura

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko uzt. 11a, 09:39

40 bat lagunen aurrean egin zuten Errimak bi oinetan ikuskizuna, atzo, Haatik konpainiako kideek. Espaloia kafe antzokian eta Udalak antolatutako ikuskizuna izan zen, konfinamenduaren osteko lehenengoa. Musukoekin ikusi zuten saioa ikusleek, sartu aurretik eskuak garbituta eta aulkien arteko distantziak mantenduz.

Dantzari onak daude Aiert Beobidek zuzentzen duen Haatik dantza konpainian. Bost dantzari aritu ziren, ortozik, atzoko emanaldian, eta haiekin batera Unai Elizazu gai-jartzailea.

Ordubete inguruko saioan askotariko bertsoak, doinuak, gaiak eta dantza estiloak eskaini zituzten. Dantzariak saiatu ziren gorputzaren mugimendua bertsoen esanahiarekin lotzen eta gai-jartzailea, berriz, euskal bertsogintzako errima gogoangarrietako asko ekartzen.

Nahi duten neurrian eta erritmoan dantzatzeko gai dira Haatik taldeko dantzariak, eta ikusleentzako ariketa polita izan zen grabatutako bertsoak entzutea eta jarraitzea dantzarien espresio mugimenduekin lotuz.

1967ko bertsolari txapelketa nagusian Xalbadorrek botatako bertso entzutetsua, ispiluaren aurrean Lazkao Txikik zortziko handian botatako hiru bertsoak, 2zio taldearen Nor nintzen ni edota Thierry Biskariren 100 alargunen dantza entzun eta dantzatu zituzten, besteak beste, emanaldian.

Bestelako doinuak eta dantzak ere eskaini zituzten dantzariek, tartean soinu txikiarekin jo eta mahai gainean arratiar erara dantzatutako fandango ederra.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak