Ikuskizun bana izango da hileko hiru barikutan, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko uzt. 10a, 09:30
'Errimak bi oinetan' ikuskizunaren pasarteetako bat. (Iturria: Haatik)

Espaloian izango dira hirurak, 19:00etan, eta doan. Segurtasun distantziak mantentzeko moduan kokatuko dituzte aulkiak, eta horren araberakoa izango da sarrera kopurua. Gaur, 'Errimak bi oinetan' eskainiko du Haatik dantza konpainia.

Dantza garaikidea egiten du Aiert Beobidek zuzentzen duen Haatik konpainiak. Dantza eta bertsoa gurutzatzen dituzte Errimak bi oinetan ikuskizunean, eta bertsolaritzaren soinua mugimendu garaikide bihurtu. Garai bateko eta gaur egungo bertsoekin eta doinuekin osatu dute emanaldia. Hala, bertsoak entzuteko eta dantza ikusteko aukera izango da ordubete inguruko iraupena izango duen saioan. "Errimak bi oinetan jaietako bariku arratsalderako zegoen lotuta", azaldu du Kultura zinegotzi Ane Bilbaok. "Konpromisoa hartu genuen jaietatik kanpo egiteko, eta, hasiera batean udazkenerako laga bagenuen ere, ikusi dugu uztailean badagoela zerbait egiteko aukera".

Segurtasun neurriak hartuta egingo dira emanaldiok. Hurrengoak izango dira neska-mutikoendako Plaza irrintzika saioa hilaren 17an, eta Dama beltzak musika emanaldia 24an. "Argitzeko daukagu zenbat eserleku izango diren, baina antzokia handia da eta jende asko sartzen da. Espaloian egiteko erabakia lotuta dago kontrol bat mantentzeko beharrarekin. Eguraldi onarekin plazan ere egin daitezke ikuskizunok, baina kezka dugu inguruan pilatu daitekeen jendearekin. Kontrolatu dezakegu eremu bat, baina hortik kanporakoa ez".

Antzokian sartzeko beharrezkoa izango da eskuak garbitzea eta musukoa erabiltzea. "Aulkiak distantziak mantentzeko moduan jarrita egongo dira".

'Plaza irrintzika', hilaren 17an

Emanaldi hori 4-12 urte bitarteko neska-mutikoendako saioa da. Bertsozale Elkartearen Lanku egitasmoaren proposamena da, eta, berbena formatua bazuen ere, egoera berrira moldatutako ikuskizuna da orain. Gorputza eta ahotsa berotzeko jolasak, onomatopeien asmakizun antzeztuak, kanta parte-hartzaileak, bertsoak, dantza ezagunak... "Saioa segurtasun distantziak mantentzeko moduan antolatuta dago", esan du Bilbaok.

'Dama beltzak', hilaren 24an

Ella Fitzgerald, Nina Simone, Roberta Flack, Etta James eta Aretha Franklin ditu gogoan Dama beltzak ikuskizunak. Musikaren bitartez iraultza eta borroka egin zuten bost dama beltz horien bizitzak kontatu eta abestiak kantatuko dituzte Estitxu Pinatxok eta Mikel Santxezek. "Bortz emakume ausart hauek ahaztuta gera ez daitezen", azaldu dute.

Mikel Santxez eta Estitxu Pinatxo emanaldi batean. (Iturria: 'Dama beltzak')

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak