Ez mozorro, ez brindis: zaintzeko deia egin du Elgetako alkateak

Maialen Regueiro 2020ko uzt. 1a, 09:30

Iaz, Iraitz Lazkano alkatea eta Unax Agirre alkate txikia jaiei hasiera ematen.

Maiatzean erabaki zuen jai batzordeak aurtengo Ferixa Nagusiko jaiak bertan behera uztea. Iraitz Lazkano alkateak adierazi du osasuna dela lehentasuna, eta zaintzeko dei egin die herritarrei.

2020ko Ferixa Nagusiko jaiak uztailaren 2tik 5era ziren ospatzekoak, baina maiatz bukaeran erabaki zuen jai batzordeak bertan behera uztea, COVID-19ak eragindako egoeragatik.

Iraitz Lazkano alkateak adierazi duenez, pandemia iritsi zenetik argi izan du jai batzordeak zaila izango zela jaiak segurtasunez ospatzea: "Inork ez du nahi bere herriko jaiak bertan behera uztea, eta ez da erabaki erraza izan, baina ez da momentua tontokeriatan aritzeko, eta nik uste dut herritarrek ulertu dutela zein den egoera. Gainera, azken egunetan, ikusi dugu beste herri batzuetan zer gertatu den, nahiz eta jaiak bertan behera egon. Programazio bat egingo bagenu, nahiz eta oso arina izan, pilaketak egongo lirateke, eta ikusten dugu hori saihestea zaila dela".

Lazkanok adierazi du, baita ere, herritarren aldetik hainbat proposamen jaso dituztela ekitaldiren bat antolatzeko asmoz, baina, alkatearen ustetan, lehentasuna "herritarren osasuna" da, eta ez litzateke "zentzuzkoa" izango Udala jaiak antolatzen hastea.

Gauzak horrela, alkateak lasaitasun zein ingurukoekiko konpromiso mezua helarazi nahi izan die herritarrei: "Hilabete gogorrak izan dira, guztiok nahi dugu ahal den neurrian normaltasunera itzuli, baina elkar zaintzeko momentua da".

GOIENAk jakin du, gainera, jaiak bertan behera uztearekin batera, jaien baitan barikuan egin ohi den meza nagusia ere ez dela egingo.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak