Ohikoa baino erreserba gutxiago Elgetako jatetxeetan eta elkarteetan

Maialen Regueiro 2020ko eka. 27a, 09:30

Herriko jaien baitan ohikoa izaten da lagun artean edota familian mahaiaren bueltan elkartzea. Ferixa Nagusiko jaiak egingo ez badira ere, Elgetako jatetxe eta elkarteetan herritarrak hasita daude egun horietarako erreserbak egiten. Ez, ordea, betiko martxan.

Rincon de Lola, Bolatokia eta Maialde jatetxeak lanpetuta aritzen dira Ferixa Nagusi garaian, baina aurtengo egoera bestelakoa izango delakoan daude, nahiz eta hasi diren erreserbak hartzen.

Rincon de Lolako arduradunak adierazi duenez, batez ere lagun taldeen erreserbak hartzen hasi dira, nahiz eta egoera "kaxkarra" den. Horrekin batera, aipatu du jangelan mahai gutxiago dituztela eta horien artean distantzia mantentzen dutela.

Maialde jatetxeko egoera ere antzerakoa da, arduradunak adierazi duenez. Iazko jaiekin alderatuz erreserba kopurua jaitsi egin dela aitortu du, eta euren kasuan ere hartutako erreserbak lagun taldeenak direla azaldu du. Maialden ere segurtasun neurriak hartzen ari dira, eta arduradunak eskaera jakin bat egin die bezeroei: "Jaiak ez dira ospatuko; beraz, bezeroei jarrera zaintzeko eskatuko nieke".

Bolatokia da oraindik erreserbarik hartu ez duen jatetxea, nahiz eta arduradunak egunak igaro ahala egoera aldatzea espero duen.

Herriko elkarteak

Elkarteetan ere bilduko dira herritar ugari jaiak ospatzekoak ziren egunetan. Gaur gaurkoz Intxorta elkartea da jai egunetarako erreserbak dituen bakarra, arduradunak jakinarazi duenez. Izan ere, Ozkarbin zein Mendi Mendian elkarteetan oraindik ez da erreserbarik egin, nahiz eta bi elkartetako arduradunek espero duten egunak igaro ahala mahaien erreserbak egotea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak