Hazten ari diren katu koloniei neurria hartzen

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko eka. 26a, 09:30
Katu bat.

Domingo Iturbe kale hasieran katu asko elkartzen direla-eta jaten ez emateko eskaera egin dute Udaletik. Inguruko bizilagunak haserre daude eta salatzen dute atzeko aldeko lokaletarako sarrerak katu-kakaz josita daudela.

"Hainbat aldiz jo dugu udaletxera gure kexa azaltzera. Jendeak jaten ematen die katuei, eta orain, gainera, kumeak izan dituzte. Ugaritzen ari dira", azaltzen du Domingo Iturbe kaleko bizilagun Jose Antonio Ojangurenek.

Kale hasierako atariek lokaletarako sarrerak dituzte atzeko aldean. "4., 5. eta 6. atariek plazatxo bat dute, Bergara aldera ematen duena, eta katuek ohitura hartu dute leku horretara joateko", azaldu du Iraitz Lazkano alkateak.

Duela hilabete inguruko kontua da, eta katuei jaten ez emateko eskatuz jarrita daude oharrak. "Bertan jarri zituzten lehenengo, baina inor gutxi ibiltzen da hor, eta ez ziren ikusten", azaltzen du Ojangurenek. Orain, auzuneko atarietan ere jarrita daude. "Ingurua garbitzera etorri dira brigadako langileak bizpahiru aldiz, baina jatekoa duten bitartean katuek hortxe jarraituko dute", ohartarazten du Ojangurenek. "Intentzio onarekin ematen die jaten jendeak, baina gaizki eginda dago", dio Lazkanok.

Aurretik ere izan dira antzerako arazoak herriko beste zenbait gunetan. "Lasao kalean eta Salbador kalean ere bai", gogoratzen du Ojangurenek. "Kolonia bat ugaritzen hasi zen eta esterilizatzeko neurriak hartu genituen", baieztatzen du alkateak.

Bi boluntario herrian

"Orain, kolonia hori kontrolatuta eta identifikatuta dago", dio Lazkanok, eta jakinarazi du ordutik bi boluntario daudela kaleko katuen egoerari jarraipena egiten. "Zaindu egiten da kalean bizi diren katuen egoera, eta esterilizatzeko eta jaten emateko ardura dute boluntarioek. Ematen zaie jaten, baina adostutako lekuetan, eta pentsua. Janari freskorik ez".

Egoerak okerrera egin aurretik hartu behar dira neurriak. Horregatik, kaleko katuei jaten ez emateko eskaera egiten dute bai Domingo Iturbe kaleko bizilagunek bai Udalak.

Katu-kaka, non-nahi

"Jende oso gutxi ibiltzen da hor eta iluntzeetan etortzen dira katuak. Jatekoa botatzen diete, eta, hori horrela den bitartean, berdin jarraituko dugu. Lehen, bost katu ziren; orain, kumeak ere badituzte. Inork katuak zaindu nahi baditu, har ditzala etxean, baina ez bota jatekorik. Ez dugu karrerarik aterako", dio bizilagunen ordezkari Jose Antonio Ojangurenek.

Katu-kakak, eraikinak atzeko aldean duen pasabidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak