Mugimendua, berriz ere, Elgetako udal pilotalekuan

Larraitz Zeberio Lekuona 2020ko eka. 19a, 09:30
Frontenis saioa, eguazten arratsaldean, frontoian.

Astelehena ezkero, erabilgarri daude bai frontoia bai squash kantxa. Batzuk animatu dira izerdia botatzera. Aurrez txanda hartuta joan dira, eta batzuek galdetzen dute zergatik ordaindu behar duten lehen ordainpekoak ez ziren ordu tarteetan.

Pandemia egoeragatik itxi zuten kiroldegia martxoan, eta aste honetan jarri ditu berriz ere erabilgarri frontoia eta squash kantxa Udalak. Astelehenean bertan gerturatu ziren lehen erabiltzaileak.

Frontenisean jokatzeko ohitura duen laukote bat izan zen lehena, eta gustura hartu zuten frontoiaren irekiera. "Hasteko gogoz geunden, eta gustura ibili ginen, baina ez dugu ulertzen zergatik ordaindu behar dugun, orain, lehen ordainpekoak ez ziren ordu tarteetan frontoia erabiltzeagatik", adierazi dute. "Ordaindu egin behar dugu, baina tabernakoak ez diren komunak, esaterako, ezin dira erabili, eta aldagelak ere ez. Bestetik, lehen, erabilera libreko ordu asko zeuden, baina orain, bat ere ez, eta ez dakigu zergatik. Ordu tarte horietan, orain, ordaindu egin behar da, baina ez dauzkazu zerbitzu berak". Diote frontoia publikoa dela, eta ulertzen dutela txanda hartu behar izatea, baina ez zergatik ordaindu behar duten ordu libreen tartean frontoia erabiltzeagatik. "Argindarrik erabiltzen ez baduzu, Udalak ez du gasturik".

Erreserbarekin eta ordainduta

Aurrez erreserba eginda eta Udalak ezarritako prezioa ordainduta erabil daitezke bai frontoia bai squash kantxa. Prezioak dira frontoia 8 euro orduko argi barik, eta 16 euro orduko argiarekin. Squash kantxa, berriz, 4,50 euro da orduko.

Iraitz Lazkano alkateak azaldu du erreserba egiteagatik ordaintzen dela. "Frontoia ez dago irekita, eta erabiltzeko modu bakarra, orain, erreserba egitea da. Une honetan eta egoera honetan hori da modu bakarra jendearen sarrera-irteerak kontrolatzeko". Egoera "oso-oso" bestelakoa dela dio alkateak. "Lehen, jolas libreko orduak zeuden, eta posible zen, baita ere, futbolean jokatzea frontoian, baina orain, ez; izan ere, frontoia ez dago zabalik. Bai, lehen ordainpeko eta erabilera libreko orduak zeuden, baina orain, ez. Eta ordaintzen da erreserba egiteko".

Egia da erabilera-irizpide berriekin lehen frontoia erabiltzeagatik ordaintzen ez zuten erabiltzaileek orain ordaindu egin behar dutela. "Ordu libreetan ez zuten ordaintzen, baina frontoira joan eta besteren bat bazegoen ezin zuten erabili ez zutelako erreserbarik, eta orain, ordaintzen dutena erreserba hori egitea da".

Lazkanok gaineratu du, bestetik, gastuak badaudela: "Erreserba egiten duzunean, norbaitek frontoia ireki egin behar du, itxi egin behar du, garbitu egin behar du...".

Gauzak horrela, erreserbak Bolatoki tabernan egin behar dira, eta erabilera-irizpide berriak tarteko, tabernatik sartu behar da bai squash kantxara bai frontoira. Gehienez ere, lau erabiltzaile egon daitezke batera, saioak ordubetekoak izango dira, eta instalazio biekin lotutako kirol jarduerak egiteko.

Frontoiak, erabilera handiagoa

Squash kantxak ere baditu erabiltzaileak, baina frontoiak baino gutxiago. Asteon, esaterako, eguneko hiru bat orduz erreserbatu dute frontoia, batez beste, eta herritik kanpoko jendea ere etorri da.

Gimnasioa, itxita

Kiroldegiko gimnasioak, oraingoz, itxita jarraituko du. "Momentuz, ez dugu zabalduko", jakinarazi du Iraitz Lazkano alkateak. "Gimnasioaren erabilera oso lotuta egoten da ikasturtearekin eta kirol eskaintzako ikastaroekin –spinning, sasoian egoteko gimnasia, zumba, pilatesa...–. Eta ikasturtea orain amaitzen da. Aurreikusten duguna da irailera arte zerbitzu hori ez zabaltzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak