Udal zerbitzuak, aurrez aurreko arretara itzulita

Naroa Urien Berrio 2020ko eka. 5a, 13:29

Udal liburutegia, asteazkenean.

Liburutegiak astelehenean, ekainaren 1ean, zabaldu zituen ateak, beste hainbat udal zerbitzurekin batera. Izan ere, ohiko ordutegiarekin zabaldu dute, baina, edozelan ere, neurri bereziak hartu beharko dira bertara gerturatzeko.

COVID-19ak eragindako krisialdiagatik itxita egon ostean, Elgetako Udalak berriz zabaldu du udal liburutegia. Ohiko ordutegiarekin, herritarrek liburuak maileguan hartu ahal izango dituzte baina beti neurri bereziak hartuta.

Mailegu zerbitzua, abian 

Astelehenean zabaldu zituzten ateak, eta dagoeneko hainbat herritar gerturatu direla azaldu du Geaxi Ezpeletak, liburutegiko arduradunak: "Astelehenetik hasita hainbat erabiltzaile hurbildu dira liburutegira. Gehienak liburuak etxerako maileguan hartzera etorri dira". Hala ere, bertara joateko neurri bereziak hartu beharko direla azaldu du Ezpeletak: "Liburutegiak segurtasuna bermatzeko beharrezko neurri guztiak hartu ditu: txandakako arreta, gelak, ibilbide markatuak eta mugatuak, itzulketen desinfekzio garaia, eta abar. Txanda hartu daiteke telefonoz (943 78 80 12), Whatsapp edo Telegram bidez (688 72 96 03) edo posta elektronikoz: elgetakoliburutegia@elgeta.eus. Galdetegi honen bitartez ere txanda hartu daiteke eta libre dauden egunak kontsulta daitezke bertan". Bestalde, mailegutako materialaren itzulketei dagokienez, liburu dezentek maileguan jarraitzen dute oraindik. "Liburu asko itzuli diren arren, oraindik liburu dezentek jarraitzen dute maileguan; berez, mailegu epe guztiak liburutegi zerbitzutik ekainaren 15era arte luzatu ziren. Beraz, oraindik, itzulketak garaiz egiteko tartean dira erabiltzaileak", dio Ezpeletak. 

Online bidezko zerbitzua 

Modu berean, online bidezko maileguetan gorakada sumatu dela dio Ezpeletak: "Konfinamendu garaian Elgetan ere eLiburutegiaren erabilerak gorakada izan du, aurrez erabiltzen ez zutenek mailegu digitala ezagutu dute eta ezagutzen zutenek ere normalean baino gehiago erabili dute". Azken finean, ezin salbuespena izan, eta liburutegien itzulera ere aldaketa askorekin etorri da, baina itxaropentsu agertu da Ezpeleta: "Momentuz, behintzat, ezin dugu zerbitzua lehen bezala eman, baina, erabiltzaileen segurtasuna bermatuz, egoerara moldatu eta ahalik eta zerbitzurik aberatsena eskaintzen saiatuko gara".

Udaletxea eta Suradesa 

Beste udal zerbitzu batzuk ere martxan jarri dira berriz ere. Hala, udaletxearen aurrez aurreko zerbitzua abian da astelehenetik. Hala ere, kontsultak telefonoz edo posta elektronikoz egitea aholkatzen da. Suradesa zerbitzua ere martxan da berriz. Astelehenetan egongo da eskuragarri, 09:00etatik 10:00etara.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak